Iraganeko mamuak uxatze aldera

Zarauzko Hitza 2012ko ekainaren 13a

Gernikako bonbardaketaren 50. urteurreneko ekitaldien ba­rru­an, Fran­cisco Escudero maisuak bere bigarren opera estreinatu zuen Bilboko Arriaga antzokian: Gernika maisulana, alegia. Mende laurden geroago, patuaren apeta bailitzan, sarraskiaren 75. urtemugak Escuderoren jaiotzaren mendeurrenarekin bat egin du. Kasualitatea begi bistakoa izanik, loturak ezin zuen oharkabean pasa. Alproja antzerki taldeak bi aldeak elkartu ditu berriro, eta larunbatean Gernika ikuskizuna taularatuko du Aritzabatalde kiroldegian, 22:00etatik aurrera. Osabaren mendeurrenaren harira, Jaione Eskudero iloba herriko kultur eragileekin harremanetan jarri zen, urtean zehar egitekoak diren ekitaldietan parte har zezaten. Alprojakoei, esaterako, antzezlan bat egitea proposatu zien. «Bere osabak Gernika izeneko opera bat zuela esan zidan. Hori entzun, eta, berehala, begiak zabaldu zitzaizkidan. Duela urte modoxka bat Gernikaren heriotza lana taularatu genuen, Ispilu Arte galeriak antolatutako Picassoren eta Gernikaren inguruko jardunaldietan», adierazi du Alprojako kide Ainhoa Alberdik. Antza denez, egokitzapen batzuk egin nahi zizkiotelako nahikoa utzita zuten aipatutako antzezlana. Aukera baliatuz, berriro heltzea erabaki zuten, operako zatiekin uztartuz. Gernika eraberritua, ordea, ez dute bakarrik ekarriko, Txorimaloa izango baitute bidaide. «Duela gutxira arte ezagutzen ez zen Escuderoren lan baten berri eman zidan Jaionek; Txorimaloa-z hitz egin zidan. Inguruan zuen jende desatsegina uxatzeko musika omen zen, eta nik bat-batean egin nuen bi lanen lotura. Gauzak argi ikusi nituen». Antzezlana bi [...]

Alproja taldea

Alproja taldeko kideek Gernika antzezlana taularatuko dute larunbatean (Argazkia: Alproja)

Gernikako bonbardaketaren 50. urteurreneko ekitaldien ba­rru­an, Fran­cisco Escudero maisuak bere bigarren opera estreinatu zuen Bilboko Arriaga antzokian: Gernika maisulana, alegia. Mende laurden geroago, patuaren apeta bailitzan, sarraskiaren 75. urtemugak Escuderoren jaiotzaren mendeurrenarekin bat egin du. Kasualitatea begi bistakoa izanik, loturak ezin zuen oharkabean pasa. Alproja antzerki taldeak bi aldeak elkartu ditu berriro, eta larunbatean Gernika ikuskizuna taularatuko du Aritzabatalde kiroldegian, 22:00etatik aurrera.

Osabaren mendeurrenaren harira, Jaione Eskudero iloba herriko kultur eragileekin harremanetan jarri zen, urtean zehar egitekoak diren ekitaldietan parte har zezaten. Alprojakoei, esaterako, antzezlan bat egitea proposatu zien. «Bere osabak Gernika izeneko opera bat zuela esan zidan. Hori entzun, eta, berehala, begiak zabaldu zitzaizkidan. Duela urte modoxka bat Gernikaren heriotza lana taularatu genuen, Ispilu Arte galeriak antolatutako Picassoren eta Gernikaren inguruko jardunaldietan», adierazi du Alprojako kide Ainhoa Alberdik. Antza denez, egokitzapen batzuk egin nahi zizkiotelako nahikoa utzita zuten aipatutako antzezlana. Aukera baliatuz, berriro heltzea erabaki zuten, operako zatiekin uztartuz.

Gernika eraberritua, ordea, ez dute bakarrik ekarriko, Txorimaloa izango baitute bidaide. «Duela gutxira arte ezagutzen ez zen Escuderoren lan baten berri eman zidan Jaionek; Txorimaloa-z hitz egin zidan. Inguruan zuen jende desatsegina uxatzeko musika omen zen, eta nik bat-batean egin nuen bi lanen lotura. Gauzak argi ikusi nituen».

Antzezlana bi oholtzatan taularatuko dute. Oholtza batean lehen aldia irudikatuko dute, Gernikaren heriotza lana berreskuratuz, eta beste oholtzan, oraina eta geroa islatuko dituzte, Txorimaloa konposizioaren doinuekin. «Iraganeko mamuak uxatzea eta garbitzea nuen buruan», nabarmendu du Alberdik. Gernikaren heriotza estreinatu zutenean ere «zentzu hori» eman nahi izan zioten. «Memoria historikoa berrekuratu nahi izan genuen». Kasu honetan, pauso bat gehiago eman dute. «Energia horiek guztiak hor geratzen dira, eta, nolabait esateko, guztioi eragiten digu. Antzerkia sendatzeko tresna baliagarria izan daiteke, eta ez dago gauzak sendatzerik, baldin eta ez badugu barkatzen. Beraz, antzezlan hau horretarako dator».

Antzezlana zatika taularatuko dute; iraganeko eta oraingo pasarteak tartekatuko dituzte, atzera begirakoekin nahiz aurrera begirakoekin jokatuz. Era berean, operaren zati bat pertsonaia baten ahotan jarriko dute, eta Txorimaloa-ren musika iraganeko
mamuak pizten diren unetan erabiliko dute. Taula gainean, gainera, 25 lagun elkartuko ditu Alprojak; erdia baino gehiago gazteak dira.

Talde lanean osatua
Ainhoa Alberdiren zuzendaritzapean estreinatuko duten arren, taldelanean ekoiztutako antzezlana da Gernika. Hirugarren eszena Imanol Epeldek gidatu du; gidoigintzan Inhar Agirrezabal ere aritu da; hasieran, Urki Muguruzaren laguntza ere jaso zuten; Iraia Elias ere hasieratik izan da, zuzenketak eginez. «Ardura nik hartu banuen ere, ez nuen bakarrik egin nahi, ezta bakarrik sentitu nahi ere. Taldearen bultzada behar nuen, eta ondoan nituela sentitu. Etengabe eskatu diet, eta horrela izan da. Taldean eginiko antzezlana da», dio Alberdik.

Alprojarentzat «erronka handia» izan da proiektu hau. «Proposatu zidatenean piztu egin nintzen, baina gero lanean hasi ginenean, ur handitan sartu ote ginen pentsatzen hasi nintzen. Izan ere, bi taula, ikusle pila bat… Guretzat gauza handia zen, eta beldur pixka bat ere izan nuen». Baina, abiada hartzen joan ahala, gauza bide onetik zihoazela ikusi zuten, eta lasaiago aritu dira.

Maila pertsonalean, erronka hau «goxoki moduko zerbait» izan dela aitortu du Alberdik. «Azken bi urteetan energia gutxiagorekin ibili naiz, eta proiektu honek suspertu egin nau. Orain, indartsu sentitzen naiz, eta indar hori modu egokian bideratzen ari gara. Ederra izaten ari da ikuskizunaren prestaketa».

Alprojak ikusmin handia sortzen du herrian; batik bat, Kalerki jaialdiko ikuskizunarekin eta Euskal Jaietako herri antzezlanarekin. Alde horretatik, Gernika  ikuskizun berriarekin ere harrera ona izango dutela espero dute. Azken finean, «horrelako ekitaldiak opariak dira ikuslearentzat. Guk maitasun guztiz lantzen ditugu, eta hori agerian uzten dugu. Dugun guztia eta onena ematen dugu beti. Gustura egiten ditugun gauzak dira. Bestela ez ginateke honetan arituko. Orduan, ikusleak hori guztia antzeman egiten du, eta normalean esker onez hartzen gaitu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide