Mende bete oroitzapen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko ekainaren 13a

Antoniano ikastetxeak ehun urte bete ditu aurten, eta hainbat ekitaldi antolatu dute mendeurrena ospatzeko. Eskolaren historia eta egunerokoa biltzen dituen liburua atera berri dute, baita mendeurrenaren harira sortu duten abestia ere, disko formatoan. Testuaren arduradunetako batek,  Jose Domingo Epelde fundazioko lehendakari Jexus Artolak jakinarazi du ikastetxearen historiaren «pintzelada batzuk» soilik  jaso dituztela. «Zentroaren pauso nabarmenenak bildu ditugu liburuan. Antoniano ikastetxe xumea zen hastapenetan, Lehen Hezkuntza bakarrik zuen, eta zabaltzen joan da pixkana-pixkana. Oso zaila da ibilbide hori guztia liburu batean jasotzea». Hala, fundazioaren sorrera, bigarren eraikina, Lanbide Heziketa eskaintza eta etengabeko haztearen inguruko informazioa aurki daiteke 100 urte Antoniano Ikastetxea liburuan. Egungo Antoniano Bigarren atalari eman diote garrantzia, egungo jardunari. «Egungo Antonianoren argazkia atera dugu, haren eskaintza eta funtzionamendua, bizikidetzari ematen zaion garrantzia, eta ikasle eta irakasle ohien testigantzak». Gaur Antonianon «aurki daitekeen hori» jaso dute. Horretarako, zentroarekin lotura zuzena izan duten pertsonak elkarrizketatu dituzte edukien arduradunek. Hala nola, Manolo Aranguren (zuzendaritzako kide ohia izateaz gain, ikaslea eta irakaslea ere izan zen; egun Bitoriano Gandiaga Fundazioko kidea da), Jose Luis Marikorena (irakaslea, eta Batxilergo eta Lanbide Heziketako zuzendari ohia) eta eskolako lehenbiziko neskekin oroitzapenez hitz egin dute, besteak beste. «Alderdi humanoa jorratu nahi izan dugu, pasadizoak eta bizipenak jaso», nabarmendu [...]

Aurkezpeneko irudia

Ezkerretik eskuinera, Zabala, Epelde, Murua, Constant, Laskibar, Artola eta Sarasua, liburuaren eta abestiaren aurkezpenean, atzo (Argazkilaria: Amaia Ventas)

Antoniano ikastetxeak ehun urte bete ditu aurten, eta hainbat ekitaldi antolatu dute mendeurrena ospatzeko. Eskolaren historia eta egunerokoa biltzen dituen liburua atera berri dute, baita mendeurrenaren harira sortu duten abestia ere, disko formatoan. Testuaren arduradunetako batek,  Jose Domingo Epelde fundazioko lehendakari Jexus Artolak jakinarazi du ikastetxearen historiaren «pintzelada batzuk» soilik  jaso dituztela. «Zentroaren pauso nabarmenenak bildu ditugu liburuan. Antoniano ikastetxe xumea zen hastapenetan, Lehen Hezkuntza bakarrik zuen, eta zabaltzen joan da pixkana-pixkana. Oso zaila da ibilbide hori guztia liburu batean jasotzea».

Hala, fundazioaren sorrera, bigarren eraikina, Lanbide Heziketa eskaintza eta etengabeko haztearen inguruko informazioa aurki daiteke 100 urte Antoniano Ikastetxea liburuan.

Egungo Antoniano
Bigarren atalari eman diote garrantzia, egungo jardunari. «Egungo Antonianoren argazkia atera dugu, haren eskaintza eta funtzionamendua, bizikidetzari ematen zaion garrantzia, eta ikasle eta irakasle ohien testigantzak». Gaur Antonianon «aurki daitekeen hori» jaso dute.

Horretarako, zentroarekin lotura zuzena izan duten pertsonak elkarrizketatu dituzte edukien arduradunek. Hala nola, Manolo Aranguren (zuzendaritzako kide ohia izateaz gain, ikaslea eta irakaslea ere izan zen; egun Bitoriano Gandiaga Fundazioko kidea da), Jose Luis Marikorena (irakaslea, eta Batxilergo eta Lanbide Heziketako zuzendari ohia) eta eskolako lehenbiziko neskekin oroitzapenez hitz egin dute, besteak beste. «Alderdi humanoa jorratu nahi izan dugu, pasadizoak eta bizipenak jaso», nabarmendu du Arantxa Laskibarrek, Antonianoko egungo irakasleak.

Mendeurreneko ospakizunen egitaraua eta abestiaren letra eta partitura ere gehitu dituzte.

Jenny Constantek maketatu du lana. Constant eskolako gurasoa da duela bost urtetatik. Denbora gutxi daramanez, liburua lantzean «zentroaren inguruan asko ikasi» duela dio. «Oso berezia izan da niretzat lan hau egitea. Nire lehenbiziko liburua da, gainera, eta horrek esperientzia are aberasgarriagoa izatea ekarri du». «Ohorea» izan da maketatzailearentzat 100 urte biltzen dituen egitasmoan parte hartzea.

«Ohorea»
Imanol Epeldek ere bat egin du Constantekin. Harentzat «ohorea» izan baita Xabier Zabalarekin elkarlanean Antonianoren mendeurreneko abestia sortzea. Hitzak egin ditu Epeldek, Zabalak musika jarri die hitz horiei, eta hala sortu dute Mende bat, mundu bat. Epeldek letra sortzeko «askatasun osoa» izan du hasieratik. «Zabalak barrutik ateratzen zitzaidana idazteko esan zidan». Hala, Antonianoren berezitasunak hartu ditu abiapuntu gisa. Alde Zaharrean egonda, herriaren historiaren lekuko dela  eta itsas ondoan egonda, harekin jolasean dabilela. Horri ehun urteko historia gehitu dio Antonianoko irakasleak, baita irakasle, ikasle eta gurasoen papera ere.

Izan ere, Zabalak adierazi duen moduan, irakasleek eta ikasleek soilik ez dute ikastetxea osatzen.  «Gurasoek eta zentroaren ondoan lanean dihardutenek ere zeresan handia dute Antonianon». Eta hori da  zehazki ikasle ohiak musikarekin islatu nahi izan duena.

Duela hilabete inguru grabatu zuten abestia Andoaingo Garate estudioetan, «zerbait profesionala» egin nahi zutelako. «Bertako langileak izan dira ikastetxearekin lotura zuzena ez duten bakarrak», azaldu du Zabalak. Izan ere, abestiaren sorreran parte hartu duten guztiak—150 pertsona inguruk— dute harremana zentroarekin. Andoni Egaña bertsolariak eta ikasle ohiak eta Miren Fernandez abeslari eta irakasle ohiak jarri diote ahotsa, eta baita irakasle, guraso eta ikasleek ere.

Antonianoko zuzendari Itziar Muruak jakinarazi duenez, liburua zein diskoa ez dituzte salgai jarriko; proiektuotan parte hartu duten guztiei musutruk emango zaie. Horrez gain, zenbait eraikin publikotan egongo dira eskuragarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide