Erosketak Zumaian egin dituztenak sarituko dituzte II. Merkataritza Astean

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 13a

Zumartian Zumaiako Ostalari eta Merkatarien Elkarteak II. Merkataritza Astea antolatu du, eta larunbatera bitartean hainbat ekintza izango da. Herrian erosketak egiten dituztenak sarituko ditu elkarteak, besteak beste, Zumaian bizi, Zumaian erosi filosofia jarraituz. Herenegun hasi zen Merkataritza Astea, eta ostiralera bitartean egindako erosketekin deskontu txartelak lortzeko aukera izango dute herritarrek. Erosketa bakoitzarengatik 3000 eurotan baloratutako deskontu txartelak lortu ahal izango dituzte. Halaber, hogeita bost euro baino gehiago gastatzen dituztenek erosketa lasterketan parte hartzeko zozketan sartuko dira. Merkataritza Asteko egun nagusia, ordea, larunbata izango da. Besteak beste, merkatariek produktuak kalera aterako dituzte egun guztian. Braderie izena jarri diote ekimenari. Gainera, astean zehar egindako erosketekin lortutako deskontu txartelak baliatzeko aukera izango dute. Deskonturik lortu ez dutenek ere izango dituzte aukera bereziak, ordea. Larunbatean Braderie-n erosketak egiten dituztenek %5eko deskontuak izango dituzte, Zumaiako merkatarien txartela erakutsiz gero. Erosketa lasterketa ere egun horretan egingo dute. Zozketa bidez bi lagun aukeratuko dituzte proban parte har dezaten. Ostiral gauean jakinaraziko diete irabazleei lasterketan parte hartuko dutela, telefonoz. Larunbatean 11:30ean hasiko da lasterketa, eta ordu eta erdiko tartean 500 euro gastatu ahal izango dituzte parte hartzaileek. Denda bakoitzean 100 euroko gastua egin ahal izango dute. Iaz bezala, kaleak girotuko dituzte larunbatean, herritarrak animatzeko. Umeentzako jolasak, puzgarriak, txapa tailerrak, ohe elastikoak eta zezen mekanikoa jarriko dituzte, eta bertaratzen diren haurrei aurpegia margotuko diete. Erribera kalean, Amaia plazan, Kantauri plazan eta Victoriano Arrate kalean izango dira jolasak.   Merkataritza Astea Ekainak 16, larunbata Egun osoan. Braderie izeneko salmenta. Dendak kalera aterako dira. Zumartian sari-txartelak baliatzeko eguna. 11:30. Erosketa lasterketa. Zozketa bidez aukeratuko dituzte bi lehiakideak. Gernika plazatik abiatuko dira. Izena dendatan eman daiteke. 11:00-14:00. Txapa tailerra, Erribera kalean. 17:00-20:00. Aurpegiak margotzea, Erribera kalean. 11:00-14:00 / 18:00-21:00. Jumpy eta puzgarriak, Amaia plazan. 11:00-14:00 / 17:00-20:00. Balancibykes eta ohe elastikoak, Kantauri plazan. 11:00-14:00 / 17:00-20:00. Zezen mekanikoa eta quads-ak, Victoriano Arraten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide