«Festa herrikoi eta parte hartzaileak izatea». Hori du xede Errezilgo Festa Batzoreak. Horrela azaldu du, behintzat, Izaro Zinkunegi kideak. Gaur, San Antonio egunez, emango diete hasiera San Antonio jaiei, santuari eskainitako ermitatik bertatik. Normalean udaletxeko balkoitik botatzen da suziria. Baina festen hasiera San Antonio egunarekin egokitu denez, ermitatik botako. Erniarraitzeko ordezkari batek eta presoen senideen ordezkari batzuek izango dute horren ardura. Meza ere izango da aurretik, eta txupinazoaren ondoren, trikitilariek berotuko dute giroa, eta Gorritiren abereak jolaserako prest izango dira. 16:00etan, berriz, ume jolasak hasiko dira.
Asteburua izango da indartsuena, Zinkunegik aurreratu duenez. Berrikuntza nabarmenena herri kirolena da. «Iaz Errezilgo bi talderen artean herri kirolak egin ziren; mutilek egin zuten», jakinarazi du. «Aurreko festetan anoetatar batekin hitz egin genuen, eta bi herrien arteko lehia ederra izango litzatekeela aipatu zigun». Azkenean
lortu dute taldea osatzea, eta beraz, igandean Errezilgo taldea Anoetakoaren aurka ariko da. Sokatiran, lasterka eta lokotxetan neskek hartuko dute parte. Mutilak ere ez dira faltako; trontzan, txingatan, zakua eramaten, aizkoran eta harri-jasotzen neurtuko dituzte indarrak.
Gainontzean urteroko egitarauari eutsi diote. «Herri afaria izango da ostiralean. Horrek beti ondo funtzionatu izan du», gaineratu du. Urtero 280-300 lagun niltzen direla dio, gutxi gorabehera, eta aurten ere halaxe izatea espero dute. Duela pare bat urte patata tortilla lehiaketa egin zutela ere gogorarazi du, eta aurten berriro egitea erabaki du festa batzordeak. Larunbat arratsaldean izango da hori. «Aurrekoan lehiaketan bakoitzak nahi zuena eraman eta prestatzea zeukan, baina oraingoan geuk emango ditugu produktuak. Bakoitzak bere zartagina eraman beharko du, eta patata tortilla horrekin bakarrik egin ahalko da, arrautza eta patataz gain, tipula baino ezingo zaio bota». Epai-mahaia herriko jendeak osatuko du. Beraz, lehia «herrikoia» izango da. Dagoeneko hainbat lagunek eman du izena. «Gazte koadrila bat animatu da dagoeneko, baita heldu batzuk ere». Afarirako zein patata tortilla lehiaketarako Borondegin, Leten eta udaletxe azpiko dendan eman daiteke izena. Gaur da azken eguna.
Festa Batzordea
Festa Batzordeko kideak, gehienbat gazteak diren arren, adin guztietakoak direla nabarmendu du Zinkunegik. «Txosnako kideak daude bertan (herriko gazteek txosna bat daukate), baina helduek ere parte hartzen dute, baita udaletxeko ordezkariek ere». Krisirik antzematen al den galdetuta, baietz esan du. «Baina aurten beste urteetan baino gutxiago». Beste urte batzuetan ere udaleko diru laguntza murriztu izan dietela adierazi du. «Aurten ere jaitsi da, baina ez hainbeste. Beste zenbait urtetan ezusteko handiagoak hartu ditugu. Aurten ere antzematen da, baina nahiko ongi moldatu gara».