Katamarrua Zestoako Natur Taldeak irteera antolatu du igande honetarako. Tximeletak ikustea izango da txangoaren helburua, eta haiek harrapatzeko “tramankulu berezia” eramateko asmoa dute. Marrazkidun liburuak ere eramango dituzte, hala zein tximeleta ikusten ari diren jakiteko. Tximeletak ezagututakoan aske utziko dituztela azaldu dute, eta eguraldiaren arabera aldatu daiteke plana: eguraldi ona bada bueltaxka bat emango dute eta, eguraldi txarra baldin badago, aterpean jolasak egingo dituzte. Ekimena “umeentzat aproposa” dela azaldu dute. Eguerdirako etxera itzultzeko asmoa dute, eta animatzen denak Gurutzera gerturatu behar du 10:00etarako.