Zekorketen inguruko herri galdeketa esperientzia positiboa izan dela esan dute Zestoako Bilduko eta EAJko ordezkariek. «Gustura gaude, eta esperientzia positiboa izan da», esan du Leire Etxeberria Zestoako alkateak (Bildu). Bat etorri da harekin EAJko zinegotzi Josetxo Mendizabal.
Joan den ekainaren 3an izan zen Zestoan zekorketen inguruko herri galdeketa; 963 herritar zekorketen alde agertu zen eta 542 kontra. Udalak herritarren parte hartzea nabarmendu du. %50,7koa izan zen parte-hartzea. «Horrek erakutsi digu Zestoan gaiak interesa duela», esan
du alkateak. Udal ordezkariek galdeketan parte hartu duten herritarrei, eragileei eta udal langileei eskerrak eta zorionak eman dizkiete. «Udal langileei egindako lanagatik, eta erakutsitako inplikazioagatik, eskerrik beroena eman nahi dizkiegu», azaldu dute bai Bildu eta bai EAJko ordezkariek.Horrez gain, zezenketen kontrakoei nahiz aldekoei egindako ekarpenengatik eskerrak eman dizkie udaleko ordezkariek.
Herri galdeketaren inguruan zerbait negatiboa aipatzekotan, prozesua zalantzan jarri izana dela esan du Leire Etxeberria alkateak. Horri erantzunez, «prozesu osoa gardena, garbia eta demokratikoa izan dela», esan dute. EAJren izenean, Mendizabal ere bat etorri da horretan: «Normaltasuna izan da nagusi prozesu osoan».
Emandako hitza beteta
Zestoako Bilduk hauteskundeetan emandako hitza bete egin duela nabarmendu du alkateak. «Hauteskunde programan zekorketen inguruan herritarren iritzia jaso nahi genuela jarri genuen, eta hala egin dugu. Emandako hitza bete dugu». Bilduk herritarrak aktiboak eta parte-hartzaileak direla sinesten duela ere gaineratu du Etxeberriak.
Jendea parte hartzeko gogoz
Josetxo Mendizabal EAJko ordezkariak galdeketan parte hartzea %50era iritsi izana «oso garrantzitsua» izan dela esan du, eta emaitzak markatutako diferentziak «herriari begira lasaitasun gehiago sortzeko» balioko duela esan du. Zestoako Udaleko langileei babesa adierazi die EAJkoek. Jendeak parte hartzeko gogoa duela ikusi dela azpimarratu du.
Muu herri ekimenak ere zekorketen inguruko galdeketaren balorazioa kaleratu du. «Zestoak,, askatasun osoz, guk proposatutako aurrerapausoa ez ematea erabaki du. Hori izan da herriaren hitza eta erabakia, eta horrela onartzen dugu», esan dute kideek, besteak beste. Hauen ustez, «kontrakoen iritzia hor dago eta denbora kontua da».
Gaur, jai batzordea
Zestoako festak antolatzeko jai batzordea gaur bilduko da, 19:30ean, kultur etxean. Herriko eragileak eta herritarrak festak antolatzen parte hartzera deitu ditu udalak.
