
Herri hondakinak jasotzeko sistema berria bost edukiontzien sisteman egongo da oinarrituta, baina bilketak ordutegi finkoa izango du (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Zarauzko Udala hondakinak biltzeko sistema pilotu bat herrian martxan jartzea ari da aztertzen. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Arkitektura Eskolako irakasle eta ikasleek hiri hondakinen gaikako bilketa «beste modu batean» egiteko ikerketa lana egin dute, eta prototipo bat diseinatu. Pasa den ostiralean aurkeztu zuten. Proposamen horretan oinarrituko da aztertu beharreko bilketa sistema berria.
Ostiraleko aurkezpenean Juan Luis Illarramendi alkateak udazkenetik aurrera aipatu sistema proba moduan Zarauzko auzo batean abiatuko zutela jakinarazi zuen. Ongi funtzionatuko balu, Zarautzen behin betiko sistema hori ezar litekeela adierazi zuen: «Emaitzak ikusi behar dira, dena den». Sistema berri hori herrian ezartzea bideragarria den ala ez argitzeko azterketa egingo beharko da lehenbizi, ordea.
Gaikako bilketa bermatuta
Iñigo Lizundia proiektu pilotuaren koordinatzaileak aurkezpenean jakinarazi zuen bost edukiontzien sisteman egongo dela oinarrituta. Baina bilketak ordutegi jakin bat izango du. Herrian zehar hainbat bilketa puntu egongo da, eta puntu bakoitzean kolore bakoitzeko edukiontzi bana. Modu horretan, egungo azpiegitura guztiak baliatuko dira, «jasangarritasuna bermatuz eta berrerabiltzea bultzatuz».
Herritarrek egunero bota ahalko dute etxean pilatzen zaien hondakina, edozein motako dela ere, atez atekoarekin ez bezala. Hori bai, ordutegia zehaztua izango du gune bakoitzak. Hala, bat itxitakoan beste bat zabalduko dute. Herritarrek gertutasunaren edo ongien datorkien ordutegiaren arabera aukeratu ahalko dute zein guneetara bota hondakinak.
Proiektu berria ezarriz gero, gainera, lanpostuak sortuko dira; izan ere, zaintzaile bat izango du gune bakoitzak. Zaintzailearen eta herritarren artean zuzeneko harremana izango da, eta lehenak informazioa emango die bigarrenei, kontzientziatzen laguntzeko.
Modu horretan, gaikako bilketa egoki egiten dela bermatuko da; hasiera batean, begirale berak ikuskatuko du erabiltzaileek hondakinak modu egokian bildu dituztela. Etorkizunera begira, horretarako baliabide teknologikoak baliatu daitezkeela aurreikusi dute. Modu batera edo bestera, txostenean jaso dutenaren arabera, gaikako bilketaren tasa oso altua izango da. Sistema berriak, gainera, ez du isunik aurreikusten.
Intimitatea gordeta
Bestalde, sistema garbia dela ohartarazi dute: hondakinak leku itxi eta babestu batean mantenduko dira kamioiek jaso bitartean. Horrez gain, erabiltzailearen intimitatea gordeko du, hondakinak ez baitira begi bistan egongo. Begiraleak, era berean, bilketa gunea egoera onean mantentzen lagunduko du.
Bilketa puntuen murrizketa eta kontzentrazioak hondakinak garraiatzeko ibilgailuen ibilbidea murriztuko du, gainera. Ildo horretatik, erregaia aurreztu eta zarata, trafikoan sor ditzakeen enbarazua eta karbono dioxidoaren igorpena gutxituko dira.
Aurrekontuari dagokionez, oraindik ez dute zehaztu sistemak ezartzeak izango duen kostua.
Parte hartze prozesua
Zarauzko Udalak 2014rako gutxienez %70ko gaikako bilketa tasa lortzeko konpromisoa hartu du, besteak beste. Horretarako herritarren parte hartzea eta kontzientziazioa «beharrezkoak» dira. Ildo horretatik, udazkenean parte hartze prozesua abiatuko du, hondakinen kudeaketaren inguruan hitz egin eta irtenbideak herritarrekin eztabaidatzeko: «Kontzientzia eta ardura dira giltza», diote udal ordezkariek.