3.000 sinadura jaso ditu atez atekoaren aurkako Zumaiako taldeak

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 12a

Zumaian atez atekoan ezartzearen aurkako plataformak herritarren 3.000 sinadura bildu ditu, kanpaina hasi eta hiru astera, eta bihar Iñaki Agirrezabalaga alkatearekin biltzekoak dira kideak. Hala jakinarazi dio Jean Pierre Iturbide plataformako kideak Baleike herri aldizkariari. «Herritarren iritzia zein den planteatuko digu», adierazi du kideak herri aldizkarian. Halaber, alkateari «arazoari aurre egiteko» eskatuko diotela adierazi du. Honen arabera, herrian «sekula egin den sinadura bilketa handiena» egin dute, oraindik kanpaina amaitu ez badute ere. Hori hala izanik, atez atekoa jartzeko asmoa bertan behera uzteko «zilegitasuna» dutela uste du taldeko partaideak. Zentzu horretan, Zumaiako Udalarekin «elkarlanean» aritzeko prest dago taldea. «Udalak hala nahi badu, gu prest gaude ahal dugun neurrian elkarlana eta birziklatzea bultzatzeko». Iturbideren arabera, «iritzi politiko desberdinetako» herritarrek egin dute bat plataformaren nondik norakoekin; «hau ez da ezer politikoan herritarren iritzia da». Agirrezabalak, berriz, adierazi du plataformako kideek udaletxeko ateak «zabalik» dituztela; «Udala prest dago plataformako ordezkariekin bildu eta haien jarrera entzuteko. Jakin nahi dugu zer planteatzen diguten. Hiru milatik gora lagun horiek birziklatzeko konpromisoa hartu badute, jakin nahi dugu zer den proposatzen diguten». Agirrezabalagak gogoratu du udalaren helburua ez dela atez ateko sistema ezartzea, baizik eta «birziklatze maila %80ra igotzea». Honek berretsi du halako datuak orain arte sistema horren bidez lortu direla; «baina norbaitek beste proposamen bat baldin badu, gu entzuteko prest gaude». Hala ere, alkateak ez du uste «posible» denik egungo ereduarekin halako tasetara iristea, baina, ez du baztertzen egungo eredua alboratzea: «Gure artean hitz egiteko kontua da, baina baliteke». Dena den, atez atekoaren baitan ere «modalitate asko» daudela adierazi du alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide