Zumaiako Xey enpresako langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, zuzendaritzak ezarri nahi dituen lan baldintza berriak salatzeko. Zuzendaritzak ELA eta UGT sindikatuekin adostuta zuen akordioa bertan behera uzteko asmoa duela adierazi du Bittor Bengoak, LABeko ordezkariak, eta baldintza «oso gogorrak» ezarri nahi dituela salatu du. Indarrean zegoen akordioak bi aldeen arteko lan harremanak zehazten zituen, baina langileen esanetan, Espainiako Gobernuak egin dituen lan erreformen ondorioz, zuzendaritzak «nahi izanez gero, hitzarmena bertan behera utz dezake, eta gainera legeak babestu egingo du».
Neurri berriek langileak «pobretu» egingo dituztela salatu dute beharginek. Soldatak %30 jaitsiko dizkiete, eta Bengoaren arabera, hilero 700-800 euro jasoko dute. Hala, jubilazio garaian ere «txirotasuna» pairatuko dutela jakinarazi dute, Gizarte Segurantzan kotizatuko dutena «soldata berriei dagokion zenbatekoa izango baita».
Xey enpresan 250 lagun inguruk egiten dute lan, eta %10 igoko dizkie lan orduak zuzendaritzak, eta lanaldi osora itzuliko dira. Ondorioz, langileak LET Lan Erregulazio Txostenera «betikotuko» dituztela salatu dute. Langileak 2009. urtetik daude Lan Erregulazio Txostenarekin, eta horietako batzuk langabezia egunak agortzen ari direla adierazi dute. «Asteko lanak lehenago amaituko ditugu, eta, beraz, langabezia errazago kontsumituko dugu». Halaber, 50 urtetik gorako langileei baliogabetu egingo diete Gizarte Segurantzarekin zuten hitzarmen berezia —langileen arabera, horietatik %80ek 50 urte inguru dituzte—.
Langileen arabera, zuzendaritzak arrazoitu du enpresak 2008tik izan dituen sei milioiko galeren ondorioz hartuko dituztela neurriak. Hala ere, langileek salatu dute 2007tik enpresako akziodunek bost milioi eta erdi jaso zituztela dibidendotan; goi zuzendaritzak, berriz, dietetan, ordainsarietan eta zerbitzuetan lau milioi jaso dituela gaineratu dute. Hori hala, azken urteetako ordainsariak «justifikatzeko» eskatu diete nagusiei. Halaber, zuzendaritzari egotzi die ez dutela «egoera berrira moldatzen jakin».
Beharginek uste dute baldintza berriak ez direla «irtenbidea», eta «beste konponbide» bat aldarrikatu dute. «Soldatak nahi adina jaisten badituzte ere, lan karga lortu ezean enpresak zaila izango du etorkizuna bermatzea». Hala nola, enpresaren bideragarritasun plana aurkezteko eskatu diote zuzendaritzari. «Arazo hau konpontzeko zuzendaritzak zer pentsatu duen jakin beharra dugu».
Proposamen berriak
Langileek pasa zen astean erabaki zuten grebarekin hastea, %87ren aldeko botoekin. Ostiralean Preco bitartekaritza enpresaren arbitrajera joan ziren. Bengoaren esanetan, mahai gainean jarritako neurriekin «negoziatu» nahi dute nagusiek, baina langileak ez daude horretarako «prest». Ezarri nahi dituen neurriak «alboratu» eta beste proposamen bat egiteko eskatu diote zuzendaritzari.
--------------------------------------
Xeyk amiantoa erabili zuela baieztatu du Osalanek
Xey enpresak amiantoarekin lan egin zuen. Hala baieztatu du Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak egin duen ikerketa batek. Horren arabera, Francisco Leon Hernandez mineral minbizi-sortzailearen ondorioz hil zen, hainbat hedabidek adierazi duenez. Horien arabera, Laneko Arriskuen Prebentziorako Erakundearen txostenetan Oikiako lantegiak gai hori baliatu zuela jasotzen da.
Iazko azaroan hil zen Xeyko langile ohia. Baina Xey enpresako zuzendaritzak ukatu egin zuen amiantoa erabili izana, beraz, Leoni ez zion laneko gaixotasuna aitortu. CCOO sindikatuak egoera salatu egin zuen Eusko Jaurlaritzako erakundean. Sindikatu horren arabera, beraz, «lan gaixotasunarengatik alarguntza-pentsioa aitortzea beharrezkoa da». Era berean, mantentze-lanetako beharginak Lanbide osteko Osasun Zaintzen Planera sar daitezen eskatu du CCOO sindikatuak.
Gara egunkariaren arabera, «Leonek eskuz idatzi zituen bere lanaldian egindako jarduerak». Osalanek egin duen txostenean hala jasotzen dela argitaratu du egunkariak. Artikuluaren arabera, Leonek berak azaldu zuen melamina prentsen estalkiak aldatzen zituen bitartean amiantoa «ukitzen» zuela. Honen arabera, xaflak 180 gradutara egoten ziren, eta horretarako babes bakarra eskularruak zituen. Egunkariaren arabera, enpresako lankideek Leonen bertsioa berretsi zuten.
Osalanek, berriz, onartu egin du Leonek amiantoa «noizean behin manipulatu» zuela bere lanaldi osoan zehar.