[caption id="attachment_46987" align="alignleft" width="248" caption="Mikel Larrañaga"]

[/caption]
Herenegun Banakako Eusko Label Urrezko Aizkorako Txapelketa jokatu zen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, hiru mailatan. Lehen mailan Floren Nazabal izan zen txapelduna. Baina ondorengo bi mailatako txapelak Urola Kostan gelditu ziren: 23 urtez azpikoetako lehiaketa Mikel Larrañaga azpeitiarrak irabazi zuen, eta 19 urtez azpikoena, berriz, Eneko Otaño beizamarrak.
Mikel Larrañaga azpeitiarrak erraz irabazi zuen 23 urtez azpikoetan, 22:45 denbora eginda. Bigarren, Ander Erasun gelditu zen, 27:58, eta hirugarren Jon Rodriguez, 30:38.
Oraingo honetan, Larrañagak uste baino errazago irabazi du txapela. «Tentekakoan irabazteko lanak izango nituela pentsatzen nuen, baina lanak nahiko erraz egin nituen». Aizkorako lehen mailara pasatzeko faboritoetako bat da Larrañaga, baina bere hitzetan, ez da erraza: «Horretarako lan egin behar da. Gainera, aurkari handiak ditut. Pauso hori emateko lan asko egin behar da, eta horrek denbora eskatzen du».
Orain, uztailaren 26an, Mendaron, bigarren mailako aizkolarien Gipuzkoako Txapelketa jokatuko du, eta irailean, berriz, bigarren mailako Euskal Herriko txapelketa. Gipuzkoakoan irabazten duena Euskal Herrikoa jokatzera pasatuko da, eta han lehen bi postuetan egiten duten bi aizkolariek lehen mailara pasatzeko aukera izango dute.
Orain arte Banakako Urrezko Aizkora jokatzeko prestatzen jardun du azpeitiarrak. «Modalitate guztiak prestatzen aritu naiz». Aurrerantzean Gipuzkoako txapelketari begira hasiko da lanean. Aspaldian maila oso ona erakusten ari da Larrañaga, eta aizkoran «oso ondo» sentitzen dela dio. Aurten binakako Urrezko Aizkorako txapeldunordea ere bada.
Bi urtez segidan txapeldun
Gazteen Mailan Eneko Otaño beizamarrak eskuratu zuen txapela Izarraitzen. Bi urtez segidan irabazi du Otañok banakakoa. 10:44 denbora eginda, 19 urtez azpikoetan onena izan zen. Bigarren, Eneko Saralegi gelditu zen, 11:01 denborarekin. Hirugarren, berriz, Iker Vicentek egin zuen, 12:08 denborarekin.
Lehen mailako txapelketan Nazabalen atzetik (23:45), Aitzol Atutxak (24:43) egin zuen Izarraitzko txapelketan. Hirugarren, berriz, Unai Otaño (26:21) gelditu zen.