Ertzaintzak barne ikerketa abiatuko du pasa den larunbat gauean hondartzako tabernen inguruan gertatutakoa argitzeko. Gaur eguerdian bildu dira udal zinegotziak ertzainburuarekin. Bileran Herri Koordinazioko Batzordea osatzea adostu dute, egoeraren diagnosia egin eta “larunbateko gertaeren antzekorik errepika ez dadin” estrategia diseinatzeko, elkarlanean. “Larunbatekoak alarma sortu du herritarren artean, desproportzionatua izan baitzen. Zerbaitek eragin zuen hori, eta ikertu beharra dago”. Izan ere, galdera garbia dela nabarmendu du Hiri Segurantzako zinegotzi Jabier Etxaburuk:”Gertaera larriak jazo ziren larunbat gauean. Drogen kontrako sarekada izan behar zena beste zerbaitetan bilakatu zen; liskarra sortu zen, iskanbila. Zerk eragin zuen berez ona den zerbait —drogaren kontrako operatiboa—gertaera larri bihurtzea?”.
Hori aztertzea helburu hartuta, Juan Luis Illarramendi alkateak, Etxaburuk, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta udaleko zein ertzain etxeko aholkulari banak osatuko dute batzorde hori. Horiez gain, Zumaiako eta Orioko alkateei zein udaltzainburuei ere egingo diete bertan parte hartzeko deia, “Zarautzi ezik, halako gertakariek inguruko herriei ere eragiten baitiete”. Izan ere, pasa den larunbatean Ertzaintzak Zumaiako bi tabernetan ere egin zituzten drogaren kontrako sarekadak.
Ekainaren 22an, ostiralean, bilduko da lehenbizikoz batzordea, “gertakari larrien aurrean hartu beharreko neurriak zehazteko”. Etxaburuk jakinarazi duenez, batzordea iraunkorra izango da, jarraipena izango du, “ez da larunbatean gertatutakora mugatuko”: “Herrian, gauez batez ere, lapurretak, borrokak eta droga kontsumoa izaten dira, besteak beste. Hori ezin daiteke onartu. Horregatik, elkarlana beharrezkoa da”.
Era berean, tabernariekin zein zauritutako herritarrekin bilduko dira udal ordezkariak, guztien testigantzak jaso eta “halako istiluak ahal den neurrian gutxitzeko”. Hiri Segurantzako zinegotziak jakinarazi duenez, dagoeneko lekuko batzuekin edota haien gurasoekin bildu dira udal ordezkariak. Datozen egunetan elkartuko dira gainontzekoekin. “Beharrezkoa da iturri ezberdinetatik datorren informazioa jaso eta mahai gainean jartzea, egoera konpon dadin”.
Zaurituak eta inputatuak
Ertzaintzak bost herritar atxilotu zituen larunbat gauean. Desordena publikoagatik eta Ertzaintzaren aurkako erasoengatik atxilotu zituzten, “ez drogekin zerikusia izateagatik”. Igande eguerdirako guztiak aske ziren. Horietatik “bat behintzat” osasun zentrotik pasatu zela nabarmendu du Etxaburuk. Igande goizean ere hainbat zarauztar hartatu zuten osasun zentroan. Lau ertzain ere zauritu zirela jakinarazi die ertzainburuak zinegotziei.