Jatorri izendun pintxoak

Aritz Mutiozabal 2012ko ekainaren 8a

Gastronomia eta natura iraunkorra bultzatze aldera, Zumaiako Udalak, Zumartian plataformak, eta merkatari elkarteak Slow Zumaia jardunaldiak antolatu dituzte hirugarren urtez. Tokian tokiko gastronomia babesten duen slow food filosofia oinarri hartuta, hainbat ekitaldi egingo dute igandera bitartean. Jardunaldiari atzo eman zioten hasiera, ostegunetako ohiko pintxo poteoarekin, baina datozen egunotan ere izango da zer jan eta edan herriko tabernetan nahiz jatetxeetan. Hasteko, gaur arratsaldean, Flysch Pintxo Jaia ospatuko dute. Iaz bezala, Zumaiako taberna eta jatetxeek 1.000 pintxo inguru prestatuko dituzte jendaurrean, Kofradia aurreko plazan, herritarren gozagarri. Flysch txakolin etxe berria ez ezik, Flysch izeneko pintxoa dastatzeko aukera izango dute. Zumaiako hainbat tabernak elkarlanean prestatu du mokadutxo berria. «Gildaren formatuan oinarrituta, Zumaiako gastronomiako janari tipikoak bateratzen saiatu gara. Gainera, Ikurriñaren koloreetan egin dugu, bai brotxetan (tipulin txuria, pipermin berdea eta tomate gorria) bai ozpinetan ere (pipermina, arrautzaren zuringoa eta pikillo piperra)», aditzera eman dute Kresala, Basusta eta Beheko Plaza taberna-jatetxeetako arduradunek. Gainera, hilabete honetatik aurrera, pintxo hau herriko tabernetan eskaintzeko asmoa dute, eta taberna bakoitzak bere ukitua emango dio. Pintxo lehiaketa Zazpi taberna-jatetxek hartuko du parte aurtengo Pintxo Le­hiaketan: Beheko Plazak, Gure Txo­koak, Itzurun, Kresalak, Trapaiak, Tximistak eta Zumaia Hotelak, hain justu ere. Gaurtik hasi eta igandea bitartean, lehiaketara aurkeztutako mokadutxoa aterako dute barrara. Herritarrek ostalaritza eta merkataritza saltokietan eskuratu ahal izango dute lehiaketara aurkeztutako pintxoen gida. Sariak igandean banatuko dituzte, 19:30ean, Erribera kalean. Bi sari egongo dira jokoan: alde batetik, epaimahaiarena eta, bestetik, herritarren botoen bidez erabakiko dena. Azken honetan parte hartzeko, pintxo-gida eskuratu, gustuko mokaduaren aldeko botoa eman, eta Turismo Bulegoan aurkeztu beharko da. Parte-hartzaile guztien artean, gainera, 100 euroko opari txartel bat zozkatuko du Zumartianek. Zozketan sartzeko, lehiaketara aurkeztutako taberna guztien zigilua eduki beharko du. Pintxoak dastatuz asetzen ez direnak, Slow Zumaia menua dastatzeko aukera izango dute jardunaldiak irauten duen egunetan. Aipatutako otordu berezia Basusta, Beheko Plaza, Marina Berri eta Trapaia jatetxeetan dastatu ahal izango da, 25 euroren truke. Jardunaldiak girotze aldera, musika saioak ere antolatu dituzte. Gaur arratsaldeko pintxo jaian, esaterako, Jon Urbieta zumaiarra disko-jartzaile gisa ariko da, eta bihar iluntzean, berriz, Melissa and The Jacks talde mutrikuarrak kontzertua eskainiko du Amaia Plazan.   Egitaraua Ekainak 8, gaur -18:00etatik 19:30era. Flysch Pintxo Festa, Kofradia aurreko plazan. Pintxo dastaketa Zumaiako jatetxe eta tabernen eskutik; Flysch opilen eta Flysch txakolinaren dastaketa. -Ordu berean. Musika saioa, Jon Urbieta disko-jartzailearen eskutik. Ekainak 9, bihar -11:00etan. Baratza balkoian erakusketa, Beheko plazan, Aste Berdearen barruan. -19:30ean. Melissa and The Jacks taldearen kontzertua, Amaia Plazan. Ekainak 10, etzi -19:30ean. Pintxo lehiketako sari banaketa ekitaldia,  Erribera kalean. Epaimahaiaren  eta herritarren sariak emango dituzte bertan. -18:30etik 20:00etara. Musika saioa, Jon Urbieta disko-jartzailearen eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide