Corrugados Azpeitia enpresako langileek greba egingo dute ekainaren 15etik 22ra, bi egunak barne, eta azken egunean erabakiko dute lanuztea mugagabea izango den ala ez. ELA eta LABeko ordezkarien arabera, zuzendaritzak 60 langile kaleratuko dituela iragarri die ahoz. Greba egitea erabaki zuten, beraz, atzo, batzarrean, 175 beharginek horren alde bozkatu ostean. 68 izan ziren kontrako botoak, eta 2 baliogabeak.
Otsailaren bukaeran Corrugados Azpeitia enpresako LAB eta ELAko langileen ordezkariek iragarri zutena bete egingo da, antza. Eta hala adierazi zuten atzo prentsaurrekoan. «Aspaldi esan genuen bezala, 60 langile kaleratuko dituztela adierazi digute ahoz». Hori hala, ez daudela negoziatzeko prest azaldu dute.
Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Gallardori bost milioi euro eman zizkiotela gogorarazi dute, «Azpeitiko enpresan ordainketak ez eteteko, eta 2016 arte langilerik ez kaleratzeko baldintzarekin». Era berean, 2011ri zegozkion zergak aurrerago ordaintzeko aukera eman zioten Gallardori. Baina kaleratzeak medio, enpresak dirua itzuli egin beharko duela diote ELAko eta LABeko ordezkariek. «Baina nondik?». Bide batez, erakundeen «kudeaketa txarra» kritikatu dute.
Pertsonal kostu baxua
Gainera, «pertsonal kostua oso baxua izanda», langile batzordeak ez du «ulertzen» zergatik erabaki dituen kaleratzeak enpresak. «Ez du ezer soluzionatuko», adierazi dute. Egun 305 lagunek egiten dute lan Corrugadosen Azpeitiko lantegian.
Enpresak martxoaren hasieran emandako hitza jan egin du. Orduan, Alfonso Gallardo Taldeko Manuel Romero ordezkariak «langile gehiago ez kaleratzea» aurreikusten zutela esan zuen. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu ondoren egin zituen adierazpenak. Horrez gain, instituzioekin lortutako akordioari eutsiko ziola adierazi zuen. Hitzarmenean, Lan Delegaritzak 100 langile kaleratzeko baimena eman zion enpresari, eta gainontzekoak 2016ra arte mantentzera behartu zituen.
Martxo hasieran Corrugados Azpeitia enpresaren bideragarritasun planaren jarraipen batzordea jarri zuten martxan. Orduan, Azpeitiko lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzak parte-hartze kredituetan bost milioi euro eman zizkion Gallardo Taldeari.