Artadiko udal babeseko etxebizitzetarako izena emateko epea astelehenean irekiko dute

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 8a

Zumaiako Artadi auzoan 32 etxebizitza egingo dituzte, eta horietatik hamabost udal babesekoak izango dira. Etxebizitzok eskuratzeko deialdian izena emateko epea astelehenean zabalduko da, eta uztailaren 1era bitartean aurkeztu ahal izango dira instantziak. Etxebizitza horietako bat mugikortasun iraunkor mugatua dutenentzat egokituko dute. Etxeok 219.520,64 euro eta 237.539,52 euro bitarteko prezioak izango dituzte. Gainontzeko 17 etxebizitzak, berriz, libreak izango dira. Etxebizitza babestuak eskuratzeko hainbat baldintza bete beharko dute eskatzaileek. Batetik, horretarako beharra dutela frogatu beharko dute. Hau da, ezin dute beste etxeren baten jabe izan. Horrez gain, azken bi urteetan Zumaian erroldatuta egon behar dute, edo azken hamarkadan bost urtean Zumaian bizi izandakoak. Era berean, gutxienez 25.000 euroko diru sarrerak izan beharko dituzte urtean, eta gehienez 58.500 eurokoak. Azkenik, azken bi urteetan babes publikoko etxebizitzen zozketetan etxebizitza suertatu ez zaienak beharko dute eskaintzan parte hartuko dutenak. Herritarrek eskaera orriak eta dokumentazioa udaletxean aurkeztu beharko dute. Etxebiden tasatutako etxeak eskuratzeko alta emana dutenek, ordea, ez dute ezer aurkeztu beharrik izango, eta zozketan zuzenean sartuko dira. Hala ere, alta emanda daudenek eta Artadiko etxebizitzak ez baldin badituzte nahi eskuratu, instantzia aurkeztu beharko dute udaletxean. Etxebiden izena edo alta emanda ez dutenek, berriz, alta eman edo dokumentazioa eta eskaera orriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean. Udalak, etxebizitzak sustatzeaz gain, San Migel auzoko ur hornidura eta telekomunikazio arazoak konponduko ditu. Hasiera batean «luxuzko etxebizitzak» egiteko asmoa zuen Inmobiliaria Orio enpresak, baina deialdia bertan behera geratu zen, eta horregatik beste eredu bat adostu zuten enpresak eta udalak; duela urtebete inguru akordio bat lortu zuten, eta horren eraginez ahalbidetu zuten hasieran zuten arazoari «irtenbidea» ematea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide