Zarautz-Aia krosean 100 lagun aritzea espero du Aiako Kirol Elkarteak

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 8a

1930. hamarkada inguruan bi lagunek apostu bat egin zuten, Aiatik Zarautzera nor iritsi lehenago korrika. Famatua da egun pasartea. Eta orduko norgehiagoka eredu, Aiako Kirol Elkarteak azken urteetan Zarautz-Aia herri krosa antolatu du, Zarauzko Kirol Elkartearen laguntzarekin. Aurtengo edizioa igandean jokatuko da, eta ohi bezala, ehun lagun inguruk parte hartzea espero dute antolatzaileek. Ohiko lasterketa prestatu du Aiako Kirol Elkarteak. Korrikalariak 11:30ean abiatuko dira Zarauzko San Frantsizko kalearen eta Kale Nagusiaren arteko bidegurutzetik, eta 11.300 metro egingo dituzte lasterka. Helmuga, berriz, Aiako plazan izango dute. Izena egunean bertan eman daiteke, baina baita aldez aurretik ere, www.herrikrossa.com webgunean. Internet bidez inskribatzeko epea gaur gauerdira artekoa da. Hala egiten dutenek lau euro ordaindu beharko dute. Egunean bertan, berriz, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago amaituko da inskripzio epea. Hamar euro kostako da orduan. Atzo, dagoeneko 50 lagun inguruk zuten izena emanda, baina antolatzaileek uste dute azken egunetan inskribatuko direla gehienak. Lasterketak ohiko ibilbidea izango du. Zarauztik Aiara errepidez joango dira korrikalariak. Antolatzaileen esanetan, probaren zailtasun nagusia korrilakariek igo beharko duten malda da; izan ere, 300 metroko gora behera positiboa du lasterketak. Aiako Kirol Elkartearen ustez «lasterketa ez da kros arrunta, baina ez da mendi lasterketa baten mailara iristen». Edonola ere, parte-hartzaileak «esperientziadunak dira, eta zailtasunen berri dute». «Horregatik, ez du korrikalari askok parte hartzen». Hasieratik lasterketa herrikoia izatea izan da antolatzaileen asmoa, baina «zirkuitu garrantzitsuetan» lehiatzen direnak ere parte hartu ohi dutela aipatu du Aiako Kirol Elkarteak. Sariei dagokienez, lehen hiru sailkatuek 200, 170 eta 100 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Gainera, helmugara iristen den lehenengo aiarrak ere saria jasoko du, baita lasterketako beteranoak ere. Horrez gain, Aialako apartamentuetatik igarotzen den lehenari sari berezia emango diote; hau da, asteburu bateko egonaldia Aiala apartamentuetan, eta afaria Argiñano jatetxean. Era berean, parte-hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte. Errepidea, irekita Lasterketak irauten duen bitartean, bi herriak lotzen dituen errepideko errei bakarra hartuko dutela korrikalariek. Hala jakinarazi dute antolatzaileek. Halaber, parte-hartzaileen artean tarte handirik ez dela egoten adierazi dute, eta horregatik ez dute errepidea itxi beharrik izango. Hala ere, 11:30atik aurrera zirkulazioa bideratuko dute elkarteko kideek. Aurreko urtean, Elamrani Hichan( 0:38:38) eta Rosi Talavera (0:52:16) izan ziren helmugara iristen lehenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide