Komunikabideen aurrean agerraldia egin dute gaur goizean Azpeitiko, Zarauzko eta Beasaingo alkateek. Hondakinen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakia txalotu nahi izan dute. Hiru herri horietako zabortegiak 2014 amaitzerako itxiko dituela esan zuen atzo aldundiak, eta erabakiarekin pozik agertu dira. “Izan ere, urtetan sufritu behar izan dute gure herritarrek, orain arteko kudeaketa ereduaren ondorioz, zabortegi hauek isurtzen duten kiratsa, kutsadura, lixibiatu,C02 isuriak, eta bestelako ondorio negatibo. Beraz, ingurumena eta herritarren osasuna kaltetzen duten ondorio kutsagarri gehiagorik ezdugula jasango jakiteak poza eta lasaitasuna eragiten digu”.
Are gehiago txalotu dute errauste planta ez egitearen erabakia: “Guretzat nahi ez duguna ez dugu besteentzat nahi, eta, beraz, ez dugu nahi beste zonalde batzuetako herritarrek ondorio kutsakorrik eta arriskutsurik jasaterik. Alegia, ez dugu nahi gipuzkoar bakar batek ere errauste planta baten ondorio kaltegarririk jasatea. Eta horrelakorik ez dela gertatuko jakiteak ere pozten gaitu. Izan ere, hiru zabortegi hauen itxiera errauste plantaren eraikuntzarekin lotu izan dute orain arte, errauste plantaren eraikuntzak baldintzatzen zuen zabortegien itxiera. Eta zabortegien itxiera errauste plantaren eraikuntzari lotuta ez izateak eta beste inolako baldintzari lotuta ez izateak ere pozten gaitu, hori herritarrei txantaia egitea baita: arazo bat toki batetik kendu, beste toki batean arazo handiagoa sortzeko”.
Gai honen inguruan azken egunetan beste alderdi batzuek “gezurrak” esan dituztela salatu dute, EAJ, PP eta PSE-EE alderdiak aipatuz, eta hilaren 17an Donostian egingo den ekimenean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.