Larunbata, 2012ko ekainaren 2a. Goizeko laurak aldean, Ertzaintza sartu da Fanny tabernara, droga trafikoaren kontrako sarekada dela esanez. Bat-batean, argiak piztu dituzte, eta jendea aukeratzen hasi dira, janzkeraren arabera, itxuragatik, alegia. Tabernan geratu direnak barrari begira jarrarazi dituzte, besoak jasota. Gazte hauetako asko elkarri galdezka ari da, zer gertatzen den, ertzainek bultza eta oihu egiten dieten bitartean. Aurrera begiratzeko esan diete (gerra garaiko fusilamenduetan bezala). Gazteetako bat, sakelekoari erantzuteagatik, porrarekin jo dute; ubelduak izango ditu gaur.
Sarekadan ertzainak ez ziren miatzera mugatu. Gazteei oihu egin, eta jo egin zituzten; eta hau diot, kolpe bat edo beste eman zutelako. Zenbait gaztek negar egin zuten, inpotentziagatik, ezer egin edo esan ezinik. Izututa zeuden. Modu txarrean hitz egin zieten. Gazte bat tabernako izkina batean miatu eta patrikak hustu, eta dokumentazioa eskatu ostean, komunera bideratu zuten, han biluz zedin, kantzontziloak eta guzti kenaraziz.
Hau egin al daiteke?, galdetzen dut nik. Zer topatuko zutelakoan zeuden, droga norbaiten bularrean itsatsita, edo nonbaiten sartuta? Aurrera egin beharrean, atzera goaz. Haiek azkar asko argitaratu dute notizia, noski, euren burua babesteko. Jajaja, barre egiten dut nik. Txalekoak, kaskoak, buru-berokiak, porrak zeramatzaten, guztiak kikiltzeko. Anbulatorioan galdetu besterik ez dugu, zenbat gazte artatu zituzten jakiteko, ubelduengatik, kolpeengatik, zauritutako bekainengatik, eta abar. Baina segurtasun-indarrak horrelakoak dira, eta elkar babesten dute. Horregatik idazten dut hau. Jendeak jakin dezan poliziak nola jokatzen duen jendearekin sarekada batean. Ez dira horiek moduak. Gertatutakoak zelai beteko bataila zirudien..
Helena Huegun. Zarautz.