Erronka gainditzeko ordua

Aritz Mutiozabal 2012ko ekainaren 7a

BH Zarauzko Triatloian parte hartuko duten 650 triatletek «ametsak eta helburuak lortzeko aukera» izango dute larunbat honetan. Su Ta Gar taldearen Norbera bere ametsen jabe abestiaren izenburua lelotzat hartu dute aurtengo probarako, eta esaldi motibagarria lagun, parte-hartzaileek «erronka gogorra» gainditu beharko dutela adierazi du Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Inaxio Alguacilek; hau da, 2,9 kilometro igerian, 81 kilometro bizikletan eta 20 kilometro korrika, Zarautz eta inguruko parajeetan. Triatleten egutegian ezinbesteko erreferente bi­hurtu den zirkuitua, alegia. Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak izango du aurten probari hasiera emateko ohorea. Hirugarrenez Olinpiar Jokoetan izango dela eta, Zarauzko Triatloi Elkarteak gisa horretan omendu nahi du bere parte-hartzea. Emakumezkoak izango dira Getariako hondartzatik igerian abiatzen lehenak, 14:00etatik aurrera; eta ordu laurden geroago, gizonezkoak murgilduko dira itsasoan. Bizikletako zatian aldaketa batzuk egin dituzte: batetik, trafikoa ez dute guztiz itxiko, baizik eta lasterketaren noranzko erraia bakarrik; bestetik, Aiako “murru” ezaguna berreskuratu dute. Proba zuzenean ikusi ahal izango da triatloikoen webgunean; ibilbidearen nondik norakoak ere lasterketaren atarian bertan topa daitezke. Txapeldunen falta Zoritxarrez, iazko txapeldunen falta izango du aurtengo triatloiak: Clemete Alonso eta Cat Morrison ez dira izango, nahiz eta hasiera batean etortzekoan ziren. Alonsok Hawaiiko Ironman proba du helburu, eta bertan sailkatzeko buru-belarri dabil. Morrison, berriz, lesio batetik ez [...]

Triatloiaren aurkezpena

Juan Luis Illarramendi alkatea eta Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Inaxio Alguacil (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)

BH Zarauzko Triatloian parte hartuko duten 650 triatletek «ametsak eta helburuak lortzeko aukera» izango dute larunbat honetan. Su Ta Gar taldearen Norbera bere ametsen jabe abestiaren izenburua lelotzat hartu dute aurtengo probarako, eta esaldi motibagarria lagun, parte-hartzaileek «erronka gogorra» gainditu beharko dutela adierazi du Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Inaxio Alguacilek; hau da, 2,9 kilometro igerian, 81 kilometro bizikletan eta 20 kilometro korrika, Zarautz eta inguruko parajeetan. Triatleten egutegian ezinbesteko erreferente bi­hurtu den zirkuitua, alegia.

Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak izango du aurten probari hasiera emateko ohorea. Hirugarrenez Olinpiar Jokoetan izango dela eta, Zarauzko Triatloi Elkarteak gisa horretan omendu nahi du bere parte-hartzea. Emakumezkoak izango dira Getariako hondartzatik igerian abiatzen lehenak, 14:00etatik aurrera; eta ordu laurden geroago, gizonezkoak murgilduko dira itsasoan. Bizikletako zatian aldaketa batzuk egin dituzte: batetik, trafikoa ez dute guztiz itxiko, baizik eta lasterketaren noranzko erraia bakarrik; bestetik, Aiako “murru” ezaguna berreskuratu dute. Proba zuzenean ikusi ahal izango da triatloikoen webgunean; ibilbidearen nondik norakoak ere lasterketaren atarian bertan topa daitezke.

Txapeldunen falta
Zoritxarrez, iazko txapeldunen falta izango du aurtengo triatloiak: Clemete Alonso eta Cat Morrison ez dira izango, nahiz eta hasiera batean etortzekoan ziren. Alonsok Hawaiiko Ironman proba du helburu, eta bertan sailkatzeko buru-belarri dabil. Morrison, berriz, lesio batetik ez da guztiz osatu. Hala ere, ikuskizuna bermatuta egongo dela nabarmendu du Alguacilek. Gizonezkoetan, Eneko Llanosen eta Ma­thias Hechten artean egongo da txapela, eta emakumezkoetan, berriz, Saleta Castro, Ameli Le Gall eta Maider Gaztañaga nabarmendu ditu faborito gisa.

Zarauzko Triatloi Elkartetik 30 lagunek hartuko dute parte, baita azkenaldian puri-purian dabilen SVC-Seguridad taldeko Jon Unanue zarauztarrak ere. Zarauzko proban, era berean, distantzia erdiko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak egongo dira jokoan. Sari banaketa ekitaldia Lege Zaharren enparantzan izango da, helmuga eremuan, 20:00etan.

Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakariak ez du ahaztu herritarrek ematen duten babesa, dela ikusle gisa animoak emanez dela bolondres gisa antolakuntzan lagunduz. Zarauzko «arrakastaren oinarri» direla aditzera eman du.

Egitarau zabala
Triatloiaren harira, asteburu osoko egitaraua antolatu dute. Ostiral arratsaldean eta larunbat osoan zehar, triatloiko materialen erakusketa jarriko dute malekoian, box eremutik gertu. Bertan, Eneko Llanos sinatzen ariko da; Hektor Llanosek bike-fit erakustaldia egingo du BHko standean; bizikletako pedalkaden azterketa egiteko aukera egongo da; eta haurrentzako eskulan-tailerra egingo dituzte. Proba egunean, era berean, Makala disko-jartzailea Musika Plazan izango da, lasterketa girotzen.

Biharamunerako Triatloi Txikia antolatu dute, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteari laguntzeko. IIaz bezala, Beraza eta Zarauzko Dama artean atontuko dute zirkuitua, eta 1997 eta 2002 urte bitarteko neks-mutilek hartu ahal izango dute parte, 10:00etatik aurrera. Izena eman nahi dutenek ikastetxeetako kirol koordinatzaileari jakinarazi beharko diote edo info@zarauzkotriatloia.com postara idatzi, ostirala bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide