Benito Lertxundi musikariak atzeratu egin ditu ekainean zehar eman behar zituen kontzertu guztiak, eztarrian duen polipoa kentzeko ebakuntza egin behar diotelako. Ginmusika ekoizpen etxeak adierazi du oriotarra «ahal bezain laister» itzuliko dela oholtza gainera; hain zuzen ere, ekaineko kontzertuak uda pasa ondoren eskainiko dituela jakinarazi du. Hala ere, ez du argitu data zehatzik. Ekoizpen etxeak jakinarazi du sarrerek izango duten baliotasunaren eta horiek itzultzeko prozesuaren inguruan informatuko dutela.
Musikariak hil honetan aurkeztu behar zuen Oroimenaren oraina disko berria; aste honetan Bilbon kontzertua ematekoa zen, Euskalduna jauregian; etzi Iruñean eskaini behar zuen kontzertua, eta hilak 15ean Portugaleten (Bizkaia). Hilaren 17an, berriz, Donostian jo behar zuen.Pasa zen maiatzean Donostian eta Bilbon ematekoak ziren kontzertuak ere bertan behera utzi zituen Lertxundik, afonia zuelako.