Ingurugiro Etxeak 25 urtean egindako lana erakutsiko die etzi azpeitiarrei

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 7a

Azpeitiko Ingurugiro Etxea Museoa 1987ko ekainaren 5ean inauguratu zuten, Azpeitiko Umeen Museoa bezala. Atzo ospatu zuten urteurrena museoan, hantxe bildu ziren gaur egun Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria (Bildu) eta museoa sortu zutenean alkatea zena, Jose Mari Bastida (EAJ). Etxeberriak orain 25 urte museoa martxan jartzeko lana egin zuen udal gobernuari eskerrak helarazi dizkio, ordutik museotik 300.000 lagun pasatu dela azalduz. «Eskerrak garai hartan erabaki ausart haiek hartu, eta elkarlan hitzarmenak egin zituztenei». Azpeitiko Ingurugiro Etxea Museoa Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politika eta Garraio Sailaren hitzarmen bati esker jarri zuten martxan. Hala gogoratu du urteurreneko ospakizunean orduan alkate zen Bastidak: «Eusko Jaurlaritzatik Antton Aranburu etorri zen Azpeitira, Lapatx zabortegia ikustera. Azpeitia izan zen lehen herria kontrolatutako zabortegi bat jarri zuena, eta horren inguruan iskanbilak izan ziren. Horregatik, Aranburu zabortegia ikustera etorrita zen. Ekoetxe bat eraikitzeko asmoa zutela, eta Azpeitian horretarako aproposa izan zitekeen etxerik ba al genuen galdetu zidan». Bastida Egibar etxearekin akordatu zen, eta jesulagunen etxea Eusko Jaurlaritzak erosteko bitartekari lanetan ibili zen. «Azpeitia ziklo osoa zuen lehenengo herria izan zen: Umeen Ingurugiro Etxea museoa, urtegia, zabortegia, ur araztegia...». Museoa sortu zenetik bertan «lan izugarria» egin dela nabarmendu zuen Bastidak. Hala, museoaren sorreratik han lanean jardun duten Itziar Unanuek, Ana Arrutik eta Mari Cruz Lasak lore sorta bana jaso zuten atzo. Mende erdian hiru epealdi izan ditu museoak.Umeen Museoa bezala sortu zen 1987an, eta lehenengo 11 urteetan zientziaren ikuspuntutik lantzen zuen hainbat gai. «Zientziaren eta ekologiaren ezagutza oinarrizkoenak jolasaren bidez lantzen genituen», azaldu du museoko teknikarietako bat de Itziar Unanuek. Garai hartan, astegunetan museo bezala funtzionatzen zuen, eta asteburuetan, berriz, ludoteka itxura hartuta. Aldaketa sakona 1998an Lehen aldaketa sakona 1998an izan zuen museoak, eta Ingurugiro Etxea museoa izena hartu zuen, eta ingurumen hezkuntzara bideratu zen erabat. Handik kanpo ingurumena lantzeko beste azpiegitura batzuk ere ireki dira ordutik; Igarako errota eta kontsumo iraunkorreko gela, besteak beste. Era berean, Tokiko Agenda 21aren parte bilakatu zen Eskola Agenda 21aren koordinazioan. Museoak azken aldaketa 2008an izan zuen; barrua erabat eraldatu zuten, gaur egungo itxura hartuz. Ibilbidea ezagutzeko aukera Ingurugiro Etxea Museoak larunbatean ateak irekiko ditu herritarrentzako, eta 25 urteotan han landu izan denaren berri jakiteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. 09:00etatik 14:00etara musikarekin lagunduta, museoaren hiru garaietako jolasea, ikas-material3a, tailerrea eta marrazkiea gozatzeko aukera eskainiko dute. Horrez gain, museoren belardian dauden dinosauroek 25 urteotan izan duten bilakaera ikusteko erakusketa ipiniko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide