Uztarria Komunikazio Taldearekin urtebeterako akordioa egingo du udalak

Nerea Uranga 2012ko eka. 7a, 07:00

Uztarria Komunikazio Taldearekin urtebeteko hitzarmena egitea onartu du Udalak. Herenegun egin zuten ohiko udalbatzarrean landu zuten gaia. Bildukoen eta Hamaikabateko zinegotziaren aldeko botoekin onartu du Udalak; EAJkoek hitzarmenaren kontra bozkatu zuten. Eneko Etxeberria alkateak (Bildu) azaldu duenez, Udal Gobernuak Uztarria Komunikazio Taldearekin harremanak sendotu eta normalizatzeko erabakia hartu du; horretarako lehen pausoa hitzarmena da. Azken urteetan Udala Uztarriarekin hitzarmenik sinatu gabe zegoela ere esan du alkateak. Udalak Uztarriaren aldeko apustu serioa eta estrategikoa egiten duela esan du alkateak, «gure herrian, euskal kulturaren sustatzaile nagusienetakoa da». Egoera ekonomikoa zaila izan arren Uztarriari diru laguntza ekonomikoa erabaki du Udalak, horrez gain etorkizunean elkarrekin izan ditzaketen «harremanak sendotzeko konpromisoa» hartu du Udalak, «Udalak aitortzen baitu Uztarriak askoz gehiago merezi duela». Alkateak Uztarriak egindako lana aitortu eta zoriondu du, «gure herria, kultura, euskara eta ondareagatik egindako lanagatik». Hemendik aurrera ere horrelaxe segitzeko eskatu dio Udalak. Hitzarmenaren kontra Baina, Azpeitiko EAJko udal ordezkariak ez datoz bat Uztarria Komunikazio Taldearekin hitzarmena egitearekin. «Komunikazio arlo osoan nola aurreztu aztertu beharko litzateke», azaldu du EAJkoen izenean Aitor Gorrotxategi zinegotziak. Udal aurrekontuak onartzeko orduan ere, haien ustez murrizteko ataletako bat komunikazioarena zela esan zuten EAJko ordezkariek. Uztarriarekin Udalak egingo duen hitzarmenaren gainean ere jardun du Gorrotxategik, «bere garaian Uztarriak helburuetako bat autofinantziazioa gehitzen joatea zuen. Baina, Uztarriak planteatzen duen aurrekontuan dirutan laurdena da . Horrez gain, Uztarriari udalaren lokal bat uzten zaio eta hor ere gastu batzuk daude. Beraz, horrek ematen zaion laguntza igo egiten du». EAJkoen ustez diru laguntza emanda «erosotasun» batera bultzatzen da, «autofinantziazioa igotzeko bazkidetza kanpaina agresibo bat egin dezakete edota bazkidetza kuota igo». Beste arlo batzuetan murrizketak egin diren bezala komunikazio arloan ere egin daitezkela uste du Gorrotxategik, «Euskara Patronatuan egin dira. Komunikazio arloan Azpeitian zer? aldizkaria hor dago eta aurrezteko aukera badagoela uste dugu». Kontu horretaz eztabaidatu eta hausnartu beharra dagoela esan dute EAJkoek. Alkateak erantzun die jeltzaleei, eztabaidatzeko prest dagoela. Baina bere ustez, «herritik sortutakoa babestu beharra dago nazio bat izan nahi badugu; horretan euskara estrategikoa da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide