Bilduk helegazioak aurkeztu ditu Aiako udal gobernuak (EAJ) duen plan bereziaren inguruan. Aiako Udalak Altxerriko koben erreplika egitearekin batera, hilerriko muinoan ibilbide edo kirol gune bat egiteko asmoa du. Horrez gain, Elkano auzoan pilotalekua, aparlalekua eta elkartea egingo ditu udalak, eta bi proiektuok gauzatzeko egin du plan berezia; Bilduk, ordea, salatu du «1.000.000 euro gaindi ditzakeen planak azaleko lanketa» izan duela. Izan ere, koalizioaren arabera, planak hainbat «akats» ditu. «Udala ibilbide honek hartuko dituen lurren jabe guztiekin hitz egin gabe zegoela ohartu ginen, eta hau nahiko larria dela deritzogu».
Horrez gain, proiektua «osatu gabe» dagoela adierazi du. Honek nabarmendu du kostuak ez daudela «sailkatuta»; hala nola, lurrak erosteko, partzela bakoitzari ordaintzeko eta proiektua garatzeko bestelako «gestioak» egiteko zenbatekoak «zehaztu gabe» daudela adierazi du Bilduk.
Halaber, herriko arau subsidiarioetan «kontraesanak» daudela adierazi du koalizioak, hilerri inguruko kirol gunea egiteko eremua legez etxeak egiteko izendatuta dagoelako, Bilduren arabera. «Badirudi aurreikuspen lanik ez dela egin». Legea aldatu ezean, ibilbiderik ezin dela egin adierazi du, eta horregatik arau subsidiarioak «puntualki aldatzeko» eta lurren kalifikazioa «birplanteatzeko» eskatu die jeltzaleei. Bilduk adierazi du eremu horretan ibilbidea egitearen alde daudela, baina etxebizitzak egiteko aukera «betirako baztertzea» nahi dute. Horien ustez, hilerri ondoko muinoak «balore eta xarma berezia du herrian», eta paisaiari eta turismoari dagokienez, «balio erantsia» ematen dio. Etxebizitzak egiteko asmoa baztertzearekin batera, Auzokaltegain eremuan aparkalekuak egiteko aukera aztertzeko eskatu du, Altxerriko interpretazio zentrora doazen ibilgailuek eragin dezaketen «saturazioa» saihesteko asmoz.
Aiako Udal barruko prozedurarekin ere ez dago ados koalizioa. «Hasieratik ez ziguten informazio osoa eman, eta gure artean plana aztertu, eztabaidatu eta erabaki bat hartzeko ez digute denborarik utzi». Bilduk adierazi duenez, udalak planari lehenengo onarpena emateko egunaren bezperan jaso zuen proposamena, eta EAJk bozketaren ondoren eman zien «plana osatzen zuen informazio osoa». Horren aurrean, «gardentasunez jokatzeko» eskatu diote EAJ alderdiari.
Egitasmoa, herritarrengana
Behin planaren tramitea onartzen denean, egitasmoaren nondik norakoak plazaratzeko bideak udaleko bi alderdik «akordio bidez» ados ditzatela proposatu du Bilduk, «aiarren parte hartzea bermatuko duen formula» nahi baitu. Hala, proiektua jendaurrean jartzen denean egitasmoa udaleko web orrian zintzilikatzea proposatu du.
Bilduk adierazi du duela bi hilabete aurkeztu zituela helegiteak, baina «erantzun ofizialik» ez
duela jaso. Zentzu horretan, Bilduren eta EAJren artean herriko proiektuen inguruan «hitz egin» eta «elkarlanean» arituz gero, ez zela helegiteak aurkezteko «beharrik» izango adierazi du koalizioak.