Su Ta Gar musika taldearen Norbera bere ametsen jabe abestiaren izenburua lelotzat hartuta, Zarauzko XXVI. Triatloia jokatuko da larunbatean. Guztira, 650 triatletek hartuko dute parte, beren ametsak bete eta probako finisher izateko. Aurten, irteera Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak emango du. Londreseko Olinpiar Jokoetan izango dela eta, Zarauzko Triatloi Elkarteak modu horretan omendu nahi du bere parte-hartzea.
Emakumezkoak izango dira Getariako hondartzatik igerian abiatzen lehenak, 14:00etan; ordu lauden geroago, gizonezkoak itsasoratuko dira. Bizikletako zatian aldaketa batzuk egin dituzte: batetik, trafikoa ez da guztiz itxita egongo, baizik eta lasterketaren noranzko erraia bakarrik; bestetik, Aiako “murru” ezaguna berreskuratu dute. Proba zuzenean ikusi ahal izango da www.zarauzkotriatloia.com webgunean; ibilbidearen nondik norakoak ere atarian topa daitzeke.
Parte-hartzaileen artean, iazko txapeldunen falta izango du aurtengo probak: Clemete Alonso eta Cat Morrison ez dira bertan izango, nahiz eta hasiera batean etortzekoan ziren. Alonso Hawaiiko Ironman proba du helburu, eta bertan sailkatzeko buru-belarri dabil. Morrison, berriz, lesio batetik ez da guztiz osatu, eta horrenbestez ez etortzea erabaki du. Edonola ere, ikusgarritasunik ez du faltako lasterketak. Gizonezkoetan, Eneko Llanosen eta Mathias Hechten artean egongo da txapela, eta emakumezkoetan, berriz, Saleta Castro, Ameli Le Gall eta Maider Gaztañaga nabarmendu dituzte faborito gisa. Zarauzko proban, era berean, distantzia ertaineko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak izango dira jokoan. Sari banaketa ekitaldia Lege Zaharren enparantzan izango da, helmgun bertan, 20:00etatik aurrera.
Egitarau zabala
Triatloiaren harira, asteburu osoko egitaraua antolatu dute. Ostiral arratsaldean eta larunbat osoan zehar, triatloiko materialen erakusketa jarriko dute. Bertan, Eneko Llanos sinatzen ariko da; Hektor Llanosek bike-fit erakustaldia egingo du BHko standean; bizikletako pedalkaden azterketa egiteko aukera egongo da; eta haurrentzako eskulan-tailerra egingo dute. Igandean, iaz bezala, Triatloi Txikia antolatu dute, Aspanogi Haur Minbizidunen Guraso elkartearekin elkarlanean. 1997 eta 2002 urte bitarteko neska-mutilek hartu ahal izango dute parte, 10:00etatik aurrera, Beraza eta Zarauzko Dama inguruan atonduko duten zirkuituan.
