Zestoako Itxaropena dantza taldeak urteroko ekitaldia egingo du, ostiralean (ekainak 8), 22:00tan, Zestoako Kiroldegian. Ekialdetik mendebaldera, Beskoitzetik Lekeitiora, euskal folklorearen bidaia txiki bat egingo dute Itxaropenakoek. “Bidean, Arabara saltotxo txiki bat egingo duten arren, ekitaldian kostaldeko dantzek hartuko dute protagonismoa”, diote dantza taldekoek. Horrela, “itsasoarekiko loturak dakartzan beldur, sentipen eta ohiturak” dantzatu eta antzeztuko dituzte hainbat musikariren eta Amalda Txiki abesbatzaren laguntzarekin.