Martin agurgarria:
Ekainaren 4an idatzi zenuen gutuna irakurrita, ondorio garbi bakarra irakurri dut: berdin zaizula errealitatea desitxuratzea eta manipulatzea zuk etsaitzat dituzun horien aurka egiteko. Kasu honetan, Ertzaintzaren jokabidea EAJ egurtzeko erabiltzeko aitzakia merkea da. Beste behin. Baina mundu honetan denak ez du balio.
Giza-eskubideen defentsa beti izan da lehentasuna gure alderdiarentzat. Eskubideak urratu diren bakoitzean, ozen salatu dugu. Ezin dute gauza bera esan, herri honetan, ETA bezalako indar militarrek pertsona errugabeak akatu dituztenean isilik gelditu eta beste alde batera begiratu dutenek. Zuk jakingo duzu, Martin, horien artean zauden ala ez, baina begibistakoa da hemen denok dugula lan handia aurretik.
Bilduren mozioa aipatzen zenuen. Jakin ezazu, Osoko Bilkura horretan, gure alderdiak mozioa aurkeztu zuela Iñigo Cabacasen heriotzaren harira, gertatutakoa salatuz, familia eta lagunei elkartasuna adieraziz, ikerketa eta gomazko piloten egokitasunaren azterketa eskatuz, eta batzuk auzia helburu politikoekin aprobetxatu nahi izana kritikatuz. Gure web orrian duzu ikusgai. Jakin ezazu ere mozio horren puntu guztiak onartuak izan zirela. Guztiak. Batzuen eta besteen adostasuna lortu genuen. Bilduren mozioa, ordea, ez zen aurrera atera Ertzaintza erasotzea zuelako helburu bakar.
Gauza bakarrean duzu arrazoia: EAJk beti babestu du Ertzaintza eta beti babestuko du. Ertzaintza gure polizia delako, eta gudari askok bizitza eman zutelako bere garaian euskal poliziaren aldeko aldarrikapena egi bihurtzeko.
Horrek ez du esan nahi gauzak gaizki egiten direnean salatuko ez ditugunik. Ulertzen dugu Ertzaintzaren jarduna ez dela erraza, eta ez daukagu arazorik esateko marra jakin batzuk zeharkatzen direneak ikerketak egin behar direla ardurak zehazteko. Une honetan PSE-EEren ardurapean dago Ertzaintza. Zarautzen eta Zumaian zuzen jokatu ez bazuen, berari dagokio argitzea. Zuk, ordea, EAJ baino ez duzu aipatzen zure testuan. Deigarria.
Halaxe diozu esaldi batean: “Drogena, azken batean, gau batez barra libre izateko aitzakia bat besterik ez zen”. Benetan uste duzu Ertzaintza jendea jipoitzea hobby duen masokista talde bat dela? Bada garaia aurreiritziak alde batera utzi eta trintxeretatik ateratzeko, Martin.
Adeitasunez
Imanol Lasa Zeberio
Zarauzko EAJ-PNVko bozeramailea