Iñigo Ugarteburu zarauztarrak bere esperientzietatik abiatuta sortzen ditu abestiak. Hala osatu du Back&Forth diskoa ere. Hamaika musika-tresnez baliatuz, eta hamabost musikariren laguntzarekin, Ingalaterran eta Euskal Herrian grabatu du bakarkako lan berria.
Back&Forth zure lanik pertsonalena dela diozu. Zergatik? Erronka izan al da zuretzat?
Bai, nagusiki erronka pertsonala izan da disko hau argitaratzea. Aspalditik egin nahi nuen, baina atzeratzen joan naiz, denbora eta gogo faltagatik. Hori da, bide batez, lan berriaren izenburuak islatzen duena.
Hamar urtez Cafe Teatro taldean aritu zara. Lan berriak ba al du horretatik zerbait?
Back&Forth Cafe Teatrorekin grabatutako lanekin alderatuta oso bestelakoa bada ere, zenbait zertzelada komun badituztela uste dut. Izan ere, urte asko egin ditut taldean; esperientziaz eta oroitzapenez jositako urteak izan dira, bilatzen, ezagutzen, komunikatzen eta ulertzen igaro ditugun urteak. Hori guztia beti eramango dut nirekin.
Zerbait komunikatzeko beharrarekin lotu duzu diskoa. Zer da komunikatu nahi duzun hori?
Nork bere esperientzietatik abiatuta sortzen ditu konpozisioak, zerbait kontatzeko nahitik. Zerbait hori, ordea, askotan ez dugu jakiten zehazki zer den. Gehienetan sentitzen duguna hitzekin adieraztea kosta egiten zaigu. Nire kasuan, musikak beste modu batera adierazi ezin dudana komunikatzen laguntzen dit.
Hitzetan oinarritzen ez den beste hizkuntza bat erabiltzearen txundigarriena zera da, bakoitzak modu pertsonalean interpretatzen eta lotzen duela oroitzapenekin eta esperientziekin. Askotan, abesti bat entzuten dugunean, nondik datorren badakigula iruditzen zaigu; irudi edo egoera jakin bat irudikatzen dugu kantua entzuterakoan. Abestiak transmititzen duenagatik da; gurekin zerikusirik ez duen zerbait bada ere, oso pertsonala bilaka dezakegu.
Instrumentala da, guztiz. Hamaika musika tresna erabili dituzue diskoa osatzeko. Nola definituko zenuke?
Melodiak eta ehundurek oinarrizko egitura laguntzen dute, eta egitura hori gitarra, banjo eta ukelele bitartez osatuta dago. Kontu kontari abestia ezik, gainontzekoak hiru tresna horiekin konposatu nituen lehenbizi. Horretan igaro dut denbora gehien.
Melodiak, ordea, modu naturalean etorri dira. Grabatzeko
botoia sakatu, eta ahots inprobisatuaren laguntzaz grabatu nituen melodiak; aurrekoa ezabatu gabe prozesua behin eta berriz errepikatuz. Horiek dira gerora airezko eta harizko musika tresnekin interpretatu ditudan melodiak.
Grabatzen hasterakoan baldintza bakarra jarri nion neure buruari: musika tresna guztiak akustikoak behar zutela izan. Entzuten nuen musika Europa ekialdekoarekin eta Afrika mendebaldekoarekin nahastu nahi nuen, eta horiek, aldi berean, XX. mendeko konposatzaile garaikideen minimalismoarekin eta folk blues estatubatuarrarekin, besteak beste.
Espainian eta Ingalaterran grabatu duzu Back&Forth, eta hainbat kideren laguntza izan duzu horretarako. Zer-nolakoa izan da prozesua?
Egia esan orduak igaro ditzaket prozesua azaltzen; izan ere, izugarrizko esperientzia izan da. Hala ere, asko ahitu nau. Londresko eta Berako (Nafarroa) estudio banatan eta Elgoibarko zinema areto batean grabatu dugu. Prozesu luzea izan da, distantziagatik, eta jende askoren parte hartzea zela eta. Ondorioz, geldialdi asko egin behar izan genituen.
Gill Sandell akordeoi-jotzailearekin soilik izan nuen entseatzeko aukera. Airezko tresnei zegokien zatia grabatzeko, Iban Urizarrek eta biok hiru egun egin genituen haren etxean konponketak egiten. Oso esperientzia polita izan zen. Perkusio eta hari-instrumentuena, berriz, gehienbat estudioko lana izan zen.
John Hannonek nahastu du diskoa, ezta?
Bai. Diskoaren zati handi bat ere Hannonek grabatu du, bere No Recordings estudioan. Atsedenaldi luze baten ostean, haren laguntzarekin nahastu nuen Back&Forth. Uste dut urtebete igaro zela guztia grabatu nuenetik nahastu genuenera.
Egun Ingalaterran bizi zara, baina dagoeneko bi emanaldi eskaini dituzu Euskal Herrian. Zer moduzko harrera izan dute? Bira modukoren bat egitea aurreikusi al duzu?
Guztira hamar bat kontzertu eman ditut Ingalaterran eta Espainian. Bi herrialdeotan harrera ona izan dute nire zuzenekoek. Egia esan, interesgarria izan da sei urteren ostean berriz ere taula gainera igotzea.
Euskal Herrian eskainitako kontzertuak bereziki hunkigarriak izan dira. Etxean beste kontzerturen bat jotzeko irrikaz nago; momentuz, ordea, ez dut kontzertu gehiago aurreikusi Euskal Herrian.
Horrez gain, ba al duzu aurrera begirako proiekturik esku artean?
Proiektu asko ditut esku artean. Hilabeteak daramatzat hurrengo diskoko abestiak prestatzen. Back&Forth eta egiten ari naizena ezberdinak izango dira, lanketa bera ere ezberdinak direlako. Kasu horretan, ahotsa izango da konposizioetako elementu garrantzitsuena.
Horrez gain, urte amaieran aterako den bilduma lan batean parte hartuko dut. Era berean, Xabier Iriondok zuzendutako dantza garaikidearen inguruko film baterako soinu-banda prestatzen ere ari naiz, eta Juanan Eguiguren eta Craig Stewart
artistekin ikus-entzunezko zenbait proiektu ditut esku artean.
