Zaborra kudeatzeko estrategiak «sortutako hondakin guztiak tratatzea ahalbidetuko du»

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 6a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondakinen kudeaketarako estrategiak 2014an Gipuzkoako gaur egungo hiru zabortegiak ixtea (tartean Zarauzko Urteta eta Azpeitiko Lapatx), sei konpostaje planta sortzea (Urola Kosta eskualdean bi konposta planta kokatuko lirateke, bat barruan eta bestea kostan) eta Zubietan biometanizazio planta egitea aurreikusten ditu; planta horretan energia berriztagarria sortuko da. Atzo goizean aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak estrategia Batzar Nagusietan. Honek, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra 2008-2016 eguneratu du, «gaur egungo errealitatera egokituz». Gaur egun aurreikusitako hondakinen sorrera %12 murriztu dela dio Aldundiak, «horregatik hondakinen tratamenduari eman beharreko neurriak berriro planteatu beharra dakar». Egungo hiru zabortegiak 2014ko abenduaren 31rako itxi, sei konpostaje plantak sortu, eta biometanizazio planta egiteko, orain arte aurreikusitako azpiegitura sarea egiteko erabili beharko litzatekeen diruaren erdia beharko da. Estrategia berri honek «aurrerapausoa» ekarriko duela esan du Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak: «Hondakin guztiak tratatzea ahalbideratuko du. Era horretan, Gipuzkoak Europako araudia betez». Prebentzioari ere «garrantzia berezia» ematen dio estrategiak. 2016rako hondakinen sorrera %4 murriztea aurreikusi du, «sortzen ez dena baita hondakin onena». Urteko gutxienez sortzen den hondakinen %1 prebenitzea espero dute. Lau urterako, berriz, sortutako hondakin guztien %60 gaika biltzea espero dute; eta 2020rako, berriz, hondakinen %75 gaika biltzea. Materia organiko konpostagarriari dagokionez, 500 eta 1.000 mila [...]

Errauste plantaren aurka

Azpeitiko hainbat arlotako jendea, Zelai Luzen (Argazkilaria: Nerea Uranga)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondakinen kudeaketarako estrategiak 2014an Gipuzkoako gaur egungo hiru zabortegiak ixtea (tartean Zarauzko Urteta eta Azpeitiko Lapatx), sei konpostaje planta sortzea (Urola Kosta eskualdean bi konposta planta kokatuko lirateke, bat barruan eta bestea kostan) eta Zubietan biometanizazio planta egitea aurreikusten ditu; planta horretan energia berriztagarria sortuko da.

Atzo goizean aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak estrategia Batzar Nagusietan. Honek, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra 2008-2016 eguneratu du,
«gaur egungo errealitatera egokituz». Gaur egun aurreikusitako hondakinen sorrera %12 murriztu dela dio Aldundiak, «horregatik hondakinen tratamenduari eman beharreko neurriak berriro planteatu beharra dakar».

Egungo hiru zabortegiak 2014ko abenduaren 31rako itxi, sei konpostaje plantak sortu, eta biometanizazio planta egiteko, orain arte aurreikusitako azpiegitura sarea egiteko erabili beharko litzatekeen diruaren erdia beharko da.

Estrategia berri honek «aurrerapausoa» ekarriko duela esan du Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak: «Hondakin guztiak tratatzea ahalbideratuko du. Era horretan, Gipuzkoak Europako araudia betez».

Prebentzioari ere «garrantzia berezia» ematen dio estrategiak. 2016rako hondakinen sorrera %4 murriztea aurreikusi du, «sortzen ez dena baita hondakin onena». Urteko gutxienez sortzen den hondakinen %1 prebenitzea espero dute.

Lau urterako, berriz, sortutako hondakin guztien %60 gaika biltzea espero dute; eta 2020rako, berriz, hondakinen %75 gaika biltzea.

Materia organiko konpostagarriari dagokionez, 500 eta 1.000 mila biztanle arteko udalerrietan autokonpostatze eta konpostatze komunitarioa ezarriko dute. Esaterako, Aizarnazabalen dagoeneko hiru konposta komunitario gune jartzea aztertzen hasita dago udala. Mila biztanletik gorako herrietan, berriz, hondakin organikoa bereizita jasoko dute. Horrez gainera, elikagaiak xahutzea eragoztea ere aurreikusi du Foru Aldundiak.

Hondakinen kudeaketarako estrategia Europako bost adituk osatu dute, eta haietako lauk aurkeztu dute plana, Ingurumen diputatuarekin batera.

Aurkezpena bihar, Zarautzen
Orain Gipuzkoako hainbat herritan aurkeztuko dute estrategia foru ordezkariek eta planaren egileek. Bihar bertan Zarautzen izango dira, 19:00etan, Antoniano ikastetxean.

——————————–

HONDAKINEN KUDEAKETARAKO ESTRATEGIA DOKUMENTUTIK ATERATAKO DATU BATZUK:

 

  • Aurreikusitako hondakinen sorrera %12 murriztu da gaur egun.
  • Ereduaren oinarriak:* Urtean guztira sortzen den hondakinen %1 behintzat prebenitzea.

    * 2016an kudeaketa publikoko hondakinen %60 gaika biltzea; 2020an, berriz, %75.

    * Hondakinen % 100 tratatzea.

    * Ikerkuntza eta aurrerapen teknologikoa.

    * Sentsibilizazioa eta heziketa.

  • Gipuzkoak zortzi mankomunitate ditu: Sasieta, Urola Erdia, Urola Kosta, Debagoiena, Debabarrena, Tolosaldea, San Marko eta Txingudi. Udalerriekin batera, horiek arduratzen dira hiri hondakinak kudeatzeaz.
  • Azken urteetan biztanleriak gora egin du:* Urola Erdia: 2008an, 30.623 biztanle; 2009an, 31.107; 2010ean, 31.238; eta, 2011n, 31.478. (855 biztanle gehiago)

    * Urola Kosta: 2008an, 40.981 biztanle; 2009an, 41.524; 2010ean, 41.824; eta, 2011n, 42.096. (1.115 biztanle gehiago)

  • Gipuzkoako mankomunitateek biztanleria mailan duten pisu erlatiboa 2011n: Txingudi %11; San Marko % 43; Tolosaldea % 8; Sasieta %10; Debagoiena %9; Debabarrena %10; Urola Erdia % 4; eta, Urola Kosta, % 6.
  • Materia Organiko Konpostagarria (MOK) 5.953,76 tonakoa izan zen 2011ko urtean, eta Lapatxeko konpostatze plantarako landare zatiki edo frakzioa 1.859,28 tonara iritsi zen.
  • Gaur egun, Lapatxeko konpostatze-plantak ez du Gipuzkoan gaika biltzen den Materia Organiko Konpostagarri guztia tratatzeko ahalmenik. Egungo tratamendu-defizita 3.453,76 tonakoa da, urtean; hau da, sortzen den guztiaren %60koa ia-ia.
  • Urola Erdiko eta Urola Kostako ontzi arinak Legazpiko plantan tratatzen dira. Iaz, 4.470 tona tratatu zituzten planta horretan. Baina, 2011n Gipuzkoan tratatutako ontzi arinen kopurua 11.958,37 tonakoa izan zen.
  • Gaur egun Gipuzkoan titularitate publikoko 3 zabortegi daude: Sasieta (Beasain), Urteta (Zarautz) eta Lapatx (Azpeitia). Gehienezko isurketa ahalmena 680.356 tonakoa da guztira, 2009ko urtean sinatutako Handitze Hitzarmenak zehazten duenaren arabera.
  • Zabortegien ahalmena: Urtetako zabortegiaren ahalmena 336.378 tona (egungo erritmoan 82.905 tona urteko); Lapatxeko zabortegiaren ahalmena 215.805 tona (egungo erritmoan 74.222 tona urteko).
  • 500 eta 1.000 biztanle arteko udalerrietan autokonpostatzea eta konpostatze komunitarioa bultzatuko da.
  • Hondakinen sorrera %4 murriztea nahi da 2016rako.
  • 2016an, gaikako bilketan %60ra iristea nahi da.
  • Ontzi arinen gaikako bilketan %10era iristea, sortutako guztizkoaren gainean.
  • Materia Organiko Konpostagarriaren gaikako bilketa ezartzea Gipuzkoako udalerri guztietan.
  • Hondakinen %100 tratatzea.
  • Gipuzkoako hiru zabortegiak 2014ko abenduaren 31rako ixtea.
  • Energia berriztagarria sortzea, San Markoko gaikako bilketatik datorren Materia Organiko Konpostagarritik abiatuta.
  • 2011. urtera arte Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.068 konpostagailu banatu ditu.
  • Elikagai xahuketaren prebentzioa egingo du. Horretarako ekimenetako bat Gipuzkoako Elikagai Bankua da. Hala, 2011n zabortegira zihoazen 400 tona elikagai baino gehiago desbideratu dira.
  • Berrerabilpena sustatzea.
  • Mankomunitate bakoitzak sortzen duenaren arabera, materia organiko konpostagarriak tratatzeko zazpi plantaz osatutako trataera eredu zentralizatu bat planteatu da. Beraz, planta bat Urola Erdian egongo litzateke eta bestea Urola Kostan.
  • Urola Erdian gainerako hondakin zatikia tratatzeko trataera mekaniko-biologikorako planta bat egitea aurreikusten da. 30.000 tona tratatzeko ahalmena duena.
  • Gipuzkoan dauden hiru zabortegiak itxi egingo dituzte eta material egonkortua espazio degradatuak leheneratzeko material gisa erabiliko da.
  • Proposatutako estrategiek eskatzen duten inbertsioa 182.675.000 eurokoa da.

—————————————

Errauste plantaren aurka agertu da hainbat azpeitiar
Azpeitian kultura, kirol, hezkuntza eta osasungintza alorretan lanean ari diren hainbat herritarrek, Zero Zabor programaren alde egin dute. Ekainaren 17an, Donostian Aire garbiak bira nazan. Zero errausketa. Mosaiko erraldoia ekimenean parte hartzeko deia ere egin dute. Gipuzkoa Zero Zaborekantolatuta, mosaiko erraldoia egitekoak dira errauste plantaren aurka.

«Gipuzkoan eta Azpeitian bertan, hondakinen kudeaketa ereduak sortzen dituen kalteak gaindituz, eredu iraunkorrago eta arduratsuago baten alde» daudela adierazi dute. «Zabortegi
kutsakorrak egungo kudeaketaren ondorioz» direla diote, baita errauste plantaren aukera «alde batera uzteko garaia» dela ere. «Kutsagarria eta osasunarentzat kaltegarria» izateaz gain, ekonomikoki «lurraldea hamarkadetan hipotekatuko» lukeela diote. «Azpiegitura hori amortizatu ahal izateko, beharrezkoa da zaborra erretzea. Beraz, murrizketa eta birziklatze planekin zuzenean lehian sartzen da eredu hori», adierazi dute.

Azpeitiaren egoera erakusle
Urteetako eztabaidaren ondoren, «Zaborrarekin zer egin?» galderaren ordez, «zer egin zaborrik ez sortzeko?» galdera ari dela gailentzen uste dute. Gainera, Azpeitia urteetan ari dela egoera hori jasaten salatu dute, eta zabortegi eredu hori «gainditzearen» alde daude. «Ez, ordea, edozein preziotan. Ez dugu beste inon antzeko zabortegirik edo errauste plantarik eraikitzerik nahi. Europako Batasuna, 2020rako «zabortegiak eta errustegiak bertan behera gelditzearen aldeko hautua» egin duela gogorarazi dute.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide