Mikel Unzurrunzaga Makala disko jartzailearen Unexpected tapas azken lana Espainiako Musika Independenteen Sarietarako izendatu dute, Munduko Musiken disko onenaren atalean. Ustekabeko pintxoek ezusteko berria eman diote musikari zarauztarrari: «Ez nuen inondik inora ere espero. Normalean, ez duzu pentsatu ere egiten horrelako sarietarako hautatuko zaituztenik. Are gutxiago nire kasuan. Ez dut nire burua musika independente edo indie deitzen dioten horretan ikusten. Baina Munduko Musiken atalerako izendatu naute, eta hor, behintzat, zentzu handiagoa du».
Elkarte Fonografiko Independenteak antolatu du sariketa, eta Espainiako musika esparruko 92 epaimahaikidek aukeratu dituzte finalistak. Makalarekin batera, ondorengo lau finalista hauek izendatu dituzte: Che Sudaka, La Pegatina, Josetxo Goia-Aribe & Arantxa Diez, eta Pascal Comelade & Cobla Sant Jordi. «Hautatuok proposamen ezberdina egiten dugu; beharbada, Che Sudakak eta La Pegatinak badituzte antzeko gauzak. Dena dela, nik ez dut erlazio musikal handirik beste finalistekin. Munduko Musiken generoa oso zabala da, eta epaimahaiak jakingo du zergatik gauden hor», azaldu du Makalak.
Berri ona bada ere, ez du uste izendapenari esker eskaintza gehiago jasoko dituenik: «Aurrerantzean ere nire betiko ibilbide apalarekin jarraituko dut; hau da, nik neuk mugitutako hariak nire sarean lantzen. Nire bideak nik irekitzen ditut, ildo horretan sentitzen bainaiz eroso». Halako sariek «sona» pixka bat ematen diote artistari. «Tanto bat gehiago da norbere ibilbidean, baina ez dut sekulako gorakadarik espero inolaz ere».
Orain, ekainaren 17a bitartean, sareko botoen bidez erabakiko dituzte irabazleak. Bozkatzeko, www.premiosdelamusicaindependiente.com webgunean erregistratu behar da. Garaileen izenak hilaren 25ean emango dituzte jakitera, Madrilen izango den sari banaketa ekitaldian. Kasualitatez, musikari zarauztarra inguru haietan ibiliko da bi egun lehenago, baina ez du ekitaldian parte hartzeko asmorik. Nahiago du etxera itzuli eta sanpelaioez gozatu. Oinak lurrean ditu, eta ez du uste saria lortuko duenik. «Gaur egungo oihartzuna neurtzeko barometroak sare sozialak dira, eta La Pegatina taldeak, alde horretatik, ehun mila jarraitzaile ditu. Nire saria finalisten zerrendan egotea da».
Aurkezpen biran
Sarietarako izendatutako Unexpected tapas lana Makalaren ibilbideko laugarren diskoa da.Orain arte, bi bilduma lan atera ditu, eta estudioko beste bi lan. Unexpected Tapas bigarren multzoko azken emaitza du; lehena Hondartzan izan zen eta Metak zigiluarekin kaleratu zuen, 2005ean. Azken diskoak, berriz, urtebete darama merkatuan. Iazko ekainean ikusi zuen argia Lovemonk argitaletxeren eskutik, eta Makala pozik dago izan duen harrerarekin.
Martxotik aurkezpen biran murgilduta dabil, eta dagoeneko Amsterdam, New York eta Paris hiriburuak girotu ditu. Datorren astean, Londresen izango da eta, ondoren, Madril, Bartzelona, Berlin eta Belgikako emanaldien txanda izango da, baita Donostiako Jazzaldikoa ere. Diskoaren grabazio-prozesuan musikari ugariren laguntza izan bazuen ere, saioak ez ditu banda baten babesean eskaintzen, baizik eta disko-jartzaile formatuan.
«Hondartzan lanean hogei lagun inguruk hartu zuten parte, eta kontzertu batzuk banda gisa jo genituen. Oraingo honetan, kolaboratzaile kopurua bikoitza izan zen, eta ezinezkoa egiten zitzaidan hori guztia taula gainera eramatea. Oso konplexua izateaz gain, sekulako esfortzua zela iruditzen zitzaidan. Ni disko-jartzailea naizenez, diskoa modu horretan aurkeztea erabaki nuen», adierazi du Makalak.