Elkartasun printzak Ruandara

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 6a

Ebanoz egindako irudi baten bidez, Azpeitiak emandako laguntza eskertu dute Ruandako Kabuga lurraldeko biztanleek. Behar Bidasoa gobernuz kanpoko erakundeak, Azpeitiko eta Zumaiako udalek emandako laguntzarekin, zortzi etxe txiki eraikiko ditu bertan. Behar Bidasoa erakundea orain dela 30 urte hasi zen Ruandako Kabuga lurraldean lanean, Jose Ramon Amunarriz misiolari irundarraren bitartez. Ordutik hainbat ekimen bideratu eta egin dute han: zubiak, umezurtztegia, eskola, tailerrak, emakumeen kooperatibak eta etxeak, besteak beste. Duela hiruzpalau urte, Urola Kostako hainbat boluntario hasi zen Behar Bidasoa erakundeari laguntzen. Tartean, Iñaki Lizaso eta Maite Aizpuru azpeitiarrak, eta Juan Mari Etxeberria beizamarra. Azken hiru-lau urte hauetan Azkoititik, Azpeititik eta Zumaiatik Afrikako herrialde horretarako laguntza jaso dute, eta diru horrekin 24 etxebizitza eraiki dituzte han. «Azken urteotan bertako gobernuak herritarrek bizitzeko zituzten txabolak edo etxetxoak suntsitu ditu, itxura txarra ematen zutela argudiatuta. 200.000 etxetxo suntsitu dituzte. Ondorioz, hainbat biztanle kale gorrian dago», azaldu du Behar Bidasoako Urolako arduradun Iñaki Lizasok. Emakumeekin ere lanean ari dira Ruandan, askoren egoera «larria» delako. «Orain dela urte batzuk egindako genozidioaren ondorioz, hainbat emakume seme-alabekin bakarrik daude, eta beste askok senarrak kartzelan dituzte». Horrez gain, hiesarena ere arazo larria da Ruandan. «Emakume asko euren familia aurrera ateratzeko baldintza txarretan daude, eta guk etxe duin bat edukitzeko aukera eman nahi diegu». Azkoitia, Azpeitia, eta Zumaiako udalek emandako laguntzari esker 24 etxetxo egin dituzte Ruandan, eta zortzi gehiago eraikitzeko asmoa dute. «Bihotz-bihotzez eskertzen dute guk hemendik emandako laguntza, eta hemengo gutxik han asko egiten du», adierazi du Lizasok. Miseria larria Ruandak ez duela aberastasunik diote Behar Bidasoakoek. «Ruanda Congoko minetatik lapurtutakoa ateratzeko erabiltzen dute». Hango egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute Urola Kostako boluntarioek. Juan Mari Etxeberria orain dela hamar urte izan zen Ruandan. Han «miseria eta herritarren egoera larria» ikusi zuela dio. «Genozidioaren arrastoak nabarmenak ziren». Lizaso, berriz, urtebete eskas joan zen Kabuga ezagutzera, eta martxan dituzten ekimenak gertutik ikustera. Eman baino, itzultzea da hara diru-laguntza bideratzea; hala diote Behar Bidasoakoek eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak. «Badakigu gaur egun hemen dagoen egoerarekin ez dela erraza laguntzea, baina haiei dagokiona berriro itzultzeak merezi du. Eta jarrai dezagun ahal dugun neurrian laguntzen», dio Lizasok. Azpeitiko Udalak «solidario» izaten segitzeko asmoa du, Eneko Etxeberria alkatearen esanetan. Eta, horregatik, aurtengo udal aurrekontuaren %0,7 Behar Bidasoak egiten dituen antzeko ekimenak laguntzera bideratu dute. Alkateak Behar Bidasoako boluntarioei egiten duten lana eskertu die. «Egiten duzuen lanagatik eta moduagatik, eskerrak. Guretzat zuen lana eredugarria da». Ebanoz egindako irudiaz gainera, Ruandan eraikitako etxe baten aurrean ateratako argazkia ere bidali dute Azpeitiko Udalera, laguntzaren emaitzaren erakusgarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide