Orioko Herri Ikastolak
40 urte mantalak lotzen liburua kaleratu du, azken lau hamarkadetako nondik norakoak bilduz. Ikastolaren urteurren borobilean, Xabier Sukia Orioko bertsolari eta ikastolako ikasle ohiak idatzi du lana. Herriko 70 lagun baino gehiago elkarrizketatu ditu horretarako. Sukiaren esanetan, liburua «ikastolatik ikastolarentzat» egina da, eta egitasmoan parte hartzea «pribilegioa» izan dela aitortu du. «Koloretsua eta gozagarria» da, gauzatzea «kosta» egin bazaie ere. Eleberri baten itxura du, eta azken hamarkadetako pasarteak, komikiak eta argazkiak uztartuz osatu dute. «Historia jasotzeaz gain, liburu atsegina egin nahi izan dugu».
Sukiarekin, Amaia Aizpurua Artezkaritza Kontseiluko idazkariak, Iñaki Agote eta Felipe Arostegi ikastolako sortzaileak, Iñaki Beraza ikastolako zuzendariak eta Zigor Saizar ikastolako koordinatzaileak aurkeztu dute liburua. Lanaren izena ikastolako nortasunaren metafora dela adierazi du Saizarrek. «Sagrario Olaetxeak, hasierako andereñoetako batek kontatu zigun lehenengo 24 ikasleek borobilean jarri eta mantala elkarri lotzen zietela. Kooperatibotasuna eta elkarri laguntzea ardatzak izanda, irudi honek ikastolaren balioekin erabat egiten du bat». Ikastolaren parte izan diren guztien omenez sortu dute liburua, haren esanetan.
«Guztien artean» egin dute, eta lau ataletan banatu. Lehenenengoan ikastola sortu aurreko testuingurua azaldu dute. «Beste egoera batean bizi ginen. Ez zegoen euskaraz ikasteko aukerarik. Ulertu egin behar da orduko testuingurua», nabarmendu du Sukiak. Bigarrengoan ekin diote Orioko Herri Ikastolaren historia kontatzeari. Hala nola, ikastola sortu zenetik erabili dituzten eraikinak aipatu dituzte. «Hasieran egoitzak eskatu behar genituen; elizari, esaterako. Eraikin berrira iritsi arte,egoitza asko izan ditugu; tartean, Ikastola Txikia, Errastinea eta Maisu-etxea», adierazi du zuzendariak. Ondoren, ikastolatik igarotako herritarren oroitzapenak eta anekdotak bildu dituzte, hirugarren atalean. Azkenik, laugarrenean, argazki zaharrak eta berriak bateratu dituzte, liburuari «ikusgarritasuna» emanez. «Umore puntua» jarri diote.
Fantasiak gauzatzen
«Ez dezagun ahaztu zergatik sortu zen ikastola; euskaraz ikasi ahal izateko sortu zen. Balio horiek garai batean martxan jartzearen meritua aurreko belaunaldiei eta egungoei zor diegu», adierazi du Sukiak. Zentzu horretan, Agotek eta Arostegik ikastola sortzeko egindako lana goraipatu du. Duela 40 urte euskaraz ikastea «fantasia hutsa» zen, baina bi sortzaileek horretan sinetsi, eta sinestarazi zuten. Saizarrek, berriz, gaineratu du herrian zegoen «hutsuneari» erantzuteko hasi zirela horiek lanean. Agote, bere aldetik, «pozik» azaldu da egitasmoarekin. Kontuak plazaratzeko «ahalegin berezia» egin dute, «garai zailak» bizi izan zituztelako.
Orioko Udalaren eta Kutxaren laguntzarekin kaleratu dute lana. 1.500 ale jarri dituzte herritarren esku. Ikastolako familiei eta famili ohiei liburu bana oparituko diete. Zentroko idazkaritzan jaso dezakete liburua. Gainontzeko liburuak, berriz, idazkaritzan bertan, Il Gelatto kafetegian, Pizzerian eta Hontza liburudendan eros daitezke, 10 eurotan.
Ordezkariek ikastolaren historiaren «zati» izan direnei eskerrak eman dizkie.
--------------------------------
Iñaki Agote eta Felipe Arostegi, Orioko Herri Ikastolako sortzaileak:
«Harro gaude; egun pozgarria da gaurkoa»
Iñaki Agote (Orio, 1945) eta Felipe Arostegi (Orio, 1936) Orioko Herri Ikastolako sortzaileetako bi dira. «Inguruan baziren ikastola batzuk, eta gu ez ginen gutxiago izango». Atzera begiratuta, «lan gogorra» egin zutela aitortu dute; «garai zailak» bizi zituzten, baina «une politak» ere izan zituzten. Ereindako haziak fruitua eman duela ikusi dute azken urteetan.
Zergatik erabaki zenuten ikastola martxan jartzea?
Felipe Arostegi: Abertzaleak ginen. Gaztelaniaz ikasten zen hemen, eta pentsatu genuen Orion ere ikastola behar zela.
Iñaki Agote: Ikusi genuen mugimendua hasi zela euskararen inguruan. Guraso Elkartearen bidez hasi ginen lanean, eta Zarauzko eta Donostiako ikastolekin harremanetan egon ginen.
Nola hasi zineten horretan?
I.A.: Katekesis eta Haur Kultura izenarekin hasi ginen, elizaren baimenarekin; elizak indar handia zuen orduan, eta haren egoitzetan hasi ginen lanean. Obispoak ere eman zigun baimena.
F.P.: Francoren aldekoek leku guztietan agintzen zuten; beraz, lehenengo eginkizuna gure pentsamoldea zuen norbait udaleko zinegotzi izatea zen. Azkenean lortu genuen, eta guraso elkartea desegin genuen. Orduan hasi ginen ikastola sortzeko lanean, 1965 inguruan. Dirua biltzen hasi ginen, tonbola eta halako ekimenen bidez. Orduan ez zegoen dirurik, eta handik edo hemendik lortu beharra genuen. Hori zen arazo handiena. Gero, eraikin bat hartu genuen, baina ez genuen baimenik ikastola sortzeko.
Nolako garaiak izan ziren?
I.A.: Ikastolarako familiak eta umeak lortzea izan zen garrantzitsuena. Horiek konbentzitzea kosta zitzaigun. Asko genuen jokoan, baina herrian bazen abertzaletasunaren indarra. Gure inguruko familiak eta lagunak berotu genituen, eta azkenenean sortu genuen lehenenengo taldea. Garai polita izan zen; lehenengo egoitzak, andereinoak...
F.P.: Ondoren, pixkanaka handitzen joan zen taldea. Ikastetxe publikoek izugarrizko kolpea jasan zuten. Franco hil zenean, berriz, gauzak aldatzen hasi ziren. Lehenengo agintaldian udalean sartu ginen, eta ahal genuen laguntza gehiena ikastolara bideratu genuen.
Pasarte asko izango dituzue, ezta?
F.P.: Bai, asko ditugu, eta horietako batzuk oso txarrak, gainera. Ez dugu pasarte horiek liburuan kontatzerik nahi izan. Baina onak ere izan ditugu.
Nola ikusten duzue egun ikastolaren egoera?
I.A.: Izugarri asebetetzen gaitu ikastola honela ikusteak; ezin da hitzez azaldu. Gure lana porrota izan bazen, isildu egin beharko genuen. Baina barrutik harro gaude. Guretzako egun pozgarria da gaurkoa.
F.P.: Ikastolak martxa ona hartu du; ikusi besterik ez dago zenbat ume dauden. Asko pozten gaitu honek.