Francisco Escudero: mendeurrenaren bilduma

Aritz Mutiozabal 2012ko ekainaren 5a

Francisco Escuderoren jaiotzaren mendeurrenaren harira, herriko hainbat eragilek urte osoko egitarau zabala antolatu du musikagilearen kultur jarduna eta ekarpena ezagutzera emateko. Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak ere bat egin du ospakizun ekitaldiekin, eta haren bizitzaren atzera begirako argazki erakusketa antolatu du, Eresbil musikaren euskal artxiboaren laguntzarekin. Atzera begirakoa gizaldiz gizaldi banatuta dago; 1940ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara arte egiten du bidaia, hain zuzen ere. Horietan, 25 argazki ingururen bitartez, Escuderoren ibilbideko hainbat une jasotzen da; besteak beste, Zigor operaren estreinaldian, Bilbon; eta Donostiako Musika kontserbatorioko irakasle gisa; 1997­an, Lizardiri egindako omenaldian. Horiez gain, maisuaren alde humanoa erakusten dutenik ere bada; esaterako, bere etxean; Getarian, Elkanoren eskulturaren ondoan; Urzelai kalonjearekin Zarautzen oporretan; eta Jose Mari Zapirainek apaiz bezala 50 urte zueneko ekitaldian. Escuderori buruzko argazki erakusketa Photomuseumeko  urteko bigarren seihileko lehena  da, eta uztailaren 8a bitartean ikusi ahal izango da. Pirmin Treku ere iruditan Urte bukaera bitartean, beste lau erakusketa programatu ditu Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak. Horien artean, beste kultur pertsonaia zarauztar bati egingo dio omen: Pirmin Treku ballet dantzariari, alegia. Bizitza bat dantzan izenburupean, Trekuren ibilbide artistiko laburra baina oparoa ezagutzeko aukera emango dute, abuztua bukaeratik aurrera. Aurretik, ordea, II. Mundu Gerrarako errekrutatu zituzten ingelesen dokumentu grafikoa izango da ikusgai, Paz [...]

Escudero

Francisco Escudero Donostiako Musika kontserbatorioko beste irakasleekin. Ezkerritik eskuinera, Eduardo Asiain, Jose Luis Iturralde, Ramon Usandizaga eta Escudero bera (Argazkia: Eresbil)

Francisco Escuderoren jaiotzaren mendeurrenaren harira, herriko hainbat eragilek urte osoko egitarau zabala antolatu du musikagilearen kultur jarduna eta ekarpena ezagutzera emateko. Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak ere bat egin du ospakizun ekitaldiekin, eta haren bizitzaren atzera begirako argazki erakusketa antolatu du, Eresbil musikaren euskal artxiboaren laguntzarekin.

Atzera begirakoa gizaldiz gizaldi banatuta dago; 1940ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara arte egiten du bidaia, hain zuzen ere. Horietan, 25 argazki ingururen bitartez, Escuderoren ibilbideko hainbat une jasotzen da; besteak beste, Zigor operaren estreinaldian, Bilbon; eta Donostiako Musika kontserbatorioko irakasle gisa; 1997­an, Lizardiri egindako omenaldian.

Horiez gain, maisuaren alde humanoa erakusten dutenik ere bada; esaterako, bere etxean; Getarian, Elkanoren eskulturaren ondoan; Urzelai kalonjearekin Zarautzen oporretan; eta Jose Mari Zapirainek apaiz bezala 50 urte zueneko ekitaldian.

Escuderori buruzko argazki erakusketa Photomuseumeko  urteko bigarren seihileko lehena  da, eta uztailaren 8a bitartean ikusi ahal izango da.

Pirmin Treku ere iruditan
Urte bukaera bitartean, beste lau erakusketa programatu ditu Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak. Horien artean, beste kultur pertsonaia zarauztar bati egingo dio omen: Pirmin Treku ballet dantzariari, alegia. Bizitza bat dantzan izenburupean, Trekuren ibilbide artistiko laburra baina oparoa ezagutzeko aukera emango dute, abuztua bukaeratik aurrera. Aurretik, ordea, II. Mundu Gerrarako errekrutatu zituzten ingelesen dokumentu grafikoa izango da ikusgai, Paz en la guerra erakusketan. Bertan, ez da gerra irudirik jasoko, baizik eta atseden unetan egiten zituzten jardueren testigantza.

Urrian, Edouard Baldus argazkilari aitzindariak Parisko Louvre eraikinari aterako argazkiak erakutsiko dituzte Photomuseumen. Antza denez, Frantziako gobernuak eskatuta bost urte eman zituen aipatu proiektuarekin buru-belarrai, eta 1.500 negatiboz osatutako lana osatu zuen. Erakusketan, berriz, proiektu haren lagin bat jasoko dute.

Urtea biribiltzeko, azaroa bukaeratik aurrera. Jon Mikel Insausti zumarragarrak 1993tik 2007ra bitartean ateratako Zuberoako Maskaradaren argazki sortak hornituko du museoa.

 

Photomuseumeko egitaraua

Francisco Escudero 1912-2002
Uztailaren 8a bitartean. Francisco Escuderoren jaiotzaren mendeurrena dela eta, musikagilearen inguruko argazki erakusketa antolatu dute, eresbilen laguntzarekin.

Paz en la guerra
Uztailaren 10etik abuztuaren 26a bitartean. Royal Air Force-eko irrati-telegrafista batek II. Mundu Gerran bildutako argazkiak eta dokumentuak.

Pirmin Treku. Bizitza bat Dantzan
Abuztuaren 28tik urriaren 7a bitartean. Euskal dantzari klasikoaren jarduna islatzen duen erakusketa.

Nouveau Louvre
-Urriaren 10etik azaroaren 18a bitartean. Edouard Baldus argazkilariak Louvre eraikinari ateratako argazkiak.
Zuberoako Maskarada
-Azaroaren 11tik urtarrilaren 8a bitartean. Jon Mikel Insaustiren argazkiak, Zuberoako inauterien inguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide