Arraun elkarteak 167.000 euro jasoko ditu, ontziak eros ditzan

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 5a

Orioko Udalak eta Arraun Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, herrian arrauna sustatzeko. Hala, udalak 167.000 euro emango dizkio elkarteari, Arraun eta Piragua Teknifikazio Zentrorako ontziak eros ditzan. Udalak hamabi urtez lagako dizkie ontziak, eta horien mantenuaren ardura Orioko Arraun Elkarteak izango du. Hain zuzen, hamabi urtean 38 ontzi erosiko dituzte, horietatik 25 aurten. Trukean elkarteak lehenagotik dituen hamabi ontzi utziko ditu Arraun Teknifikazio Zentroan; hala nola, bi batel, trainerilla, trainerua eta skull ontziak emango ditu elkarteak, «aisialdirako».  Izan ere, horiek «erabilera publikoa» izango dute. Udalbatzak onartu du udalaren eta elkartearen arteko hitzarmena; EAJ abstenitu egin da, horretarako eraman duten prozedurarekin «ados» ez dagoelako eta aurrekontuetan gastu horiek «aurreikusi gabe» zeudelako. Bilduk adierazi du arraun taldea «urteetan» egon dela ontzirik erosi gabe, eta aurten horretarako «beharra»  dagoela adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide