Jendetzak hartu du parte Sanjuandegiko festetako ekitaldietan. Haurren egunean ia 300 ume bildu ziren Azpeitiko auzoan, ostiraleko gazteen egun egunean 400 lagun, auzo bazkarian 150, eta herenegun herri kirol saioan ehunka pertsona harri-jasotzaileen eta aizkolarien jardunari begira. Urtetik urtera hazten doa parte-hartzea herriko auzorik handienean. Sanjuandegiko festen antolatzaileak gustura daude izandako erantzunarekin. «Auzo bazkariak indarra hartu du, eta aurreko urteetan baino jende gehiago bildu gara bazkaltzeko», diote Xanjuandegi elkartekoek.
Larunbat gauean jende asko ibili zen Sanjuandegin. Zea Maysen kontzertuak arrakasta izan zuen. Hala diote Xanjuandegiko festen antolatzaileek: «Larunbat gauean saninazioak zirela ematen zuen, hori jende piloa ibili zena. Denak gustura gaude alde horretatik».
Herenegun arratsaldean, Ainhoa Alberdi azpeitiarrak harri-jasotzen plaza estreinatu zuen. Jendez gainezka egon zen plaza, eta herritarren aldetik animoak jaso zituen Alberdik. Goenatxo aita-semeak eta Eizmendik jardun zuten harri-jasotzen, eta aizkoran, berriz, Zalduak eta Mikel Larrañaga herritarrak, besteak beste.
Sanjuandegiko festak antolatzen jardun dutenak, jaietako balorazio orokorra datorren asterako egingo dutela adierazi dute. «Oraindik antolaketako trasteak jasotzen-eta ari gara, eta goiz da festen balorazio orokorra egiteko».
Nuarben ere festak izan dira asteburuan; Trinitate jaiak ospatu dituzte. Larunbatean auzotarren afaria izan zuten, eta herenegun eguerdian, meza ostean, hamaiketakoa. Arratsaldean, berriz, jende asko bildu zen herri kirolarien erakustaldia ikustera. Festei bukaera atzo arratsaldean eman zieten Nuarben, haur jolasekin eta txokolate-janarekin.
Orain, festen lekukoa Azpeitiko alde zaharreko bi kalek hartuko dute: Elizkaleak eta Enparan kaleak. Bietan korputzak ospatuko dituzte.
Igandean, Enparan kalean
Enparan kalean datorren igandean ospatuko dituzte Korputz jaiak. 11:30ean, suzirien zirti-zartarekin eta txistularien kalejirarekin hasiko dira ekitaldiak. Ondoren, meza izango da Frantziskanetan eta hamaiketakoa Basazabal elkartean. Lagunarteko bazkaria 14:00etan egingo dute Baigeran. Bazkarian parte hartzeko izena Baigeran bertan eman behar da.
Bazkalostean Enparan kaleko bizilagun helduena omenduko dute, eta bertsolariak eta trikitilariak ere izango dira bazkalostea girotzen.
Elizkaleko Korputz jaietako XXV. Erretz Txapelketa larunbatean jokatuko dute, 16:00etan, Mendizaleen tabernan.
Elizkalean, hilaren 14tik 16ra
Elizkaleko festetako ekitaldi nagusienak, berriz, hilaren 14an hasiko dituzte suziriekin, eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kalejirarekin. Ondoren, buruhandiak ibiliko dira bertan. Egun horretan, 19:30ean, kaleko hildakoen aldeko meza da.
Ekainaren 15ean eta 16an ere korputzak ospatuko dituzte Elizkalean. Bi egun hoietan, musika eskolakoen emanaldiak, gitarra poteoa, Haritz eta Montte trikitilariekin, eta Gabezin taldearekin dantzaldiak, eta Itsasi dantza taldekoen emanaldia izango dituzte.