
Herritarrak botoa emateko zain, udaletxean; zenbait momentutan kalerainoko ilarak sortu ziren (Argazkilaria: Xabier Otamendi)
Zekorketak antolatzearen alde egin dute 963 lagunek Zestoan, aurka, berriz, 542k. Horiek dira eskaera jasotzearen emaitzak. 3012 herritarrek zeukaten boto eskubidea, eta %50,5ek hartu dute parte. Leire Etxeberria alkateak, «parte hartze ikaragarria» izan dela nabarmendu du, eta horregatik «gustura» agertu da. Guztiei eskerrak eman dizkie, «zezenen aldeko zein aurkakoei», galdeketan parte hartu izanagatik.
«Herriak irabazi du», adierazi du alkateak. «Orain badakigu herriak zer nahi duen, beraz, zekorketekin jarraituko da; erabakia errespetatuko dugu», azaldu du. Hainbesteko aldea izateak erabakia erraztu egin duela ere nabarmendu du Etxeberriak.
Balorazioen eguna
Aitor Gonzalezek, Zezenzale Elkarteko kideak, balorazio « oso positiboa» egin du. Alkateak bezala, parte hartzea nabarmendu du, «handia» dela iritzi baitio. «Herriaren iritzia jakin nahi zuen udaletxeak; hitz egin duela esan liteke». Orain Zestoako Udalak erabakiaren berri eman beharko duela ere adierazi du. Emaitzei dagokionean, ez zuela horrelakorik espero aitortu du. «Zekorketen aurkakoek zifra hori lortuko zutela espero nuen, baina aldekoak hainbeste izango zirela ez nuen espero, neuk pertsonalki. Ez nuen uste hainbesteko aldea izango zenik».
Iñaki Odriozolak, Muu Herri Ekimeneko kideak ere baloratu du emaitza, nahiz eta taldekoa egitekoak direla jakinarazi duen. «Argi gelditu da. Emaitza irmoa izan da», adierazi du. Alde batetik gustura agertu da, «sortu den eztabaidagatik». Eztabaida hori «baketsua» izan delako «gustura» dagoela jakinarazi du. «Amaiera arte ez da krispazio handirik izan, eta hori ere ona da», dio Odriozolak. Zekorketen aldekoak «masiboki» eman dute botoa, haren arabera, «eta zekorketen aurka dagoen zenbait etxean gelditu da».
Aizarnan zekorketen aurka
Aizarnan jarritako mahaian zekorketak antolatzearen aurka agertu dira, bi botoren aldearekin. 36 lagunek zekorketen aurka egin dute, eta 34k alde. Bi boto baliogabeak izan dira, eta beste bi zuriak. Gainontzeko mahaietan zekorketen aldeko eskaerak nagusitu dira. Udaletxeko mahaia izan da erabakigarriena, jende gehienak bertan eman baitu botoa. Bertan, herriguneko, Lasaoko eta Endoiako bizilagunek bozkatu dute; 736 lagunek zekorketen alde egin dute, eta 375ek, berriz, aurka. Pertsona batek boto zuria ere eman du. Arroa Behean eta Narruondon 62 boto izan dira zekorketen aldekoak, eta 32 aurkakoak; boto zuri bat ere eman du norbaitek. Iraetako eta Txiribogako bizilagunen artean, aldeko 39 boto jaso dira, eta aurkako 27. Arroa Goiko eta Ibañarrietakoen mahaian, nahiko berdinduta gelditu dira emaitzak; 46 alde, eta 42 aurka.
Erraz gainditu da gutxieneko parte hartzea. Eskaera jasotzea baliozkoa izateko, boto eskubidea zeukatenen %33ek bozkatu behar zuten. Handiena, nabarmen, udaletxeko mahaikoa izan da. Eguerdian ilara luzeak izan ziren bertan, zenbait unetan kaleraino iritsi baitziren. Bozka zezaketenetatik%60ek eman dute botoa udaletxean.