Beranduenez, 2014ko abenduaren 31rako itxiko dituzte Zarauzko Urteta eta Azpeitiko Lapatx zabortegiak, baita Beasaingo Sasieta ere. Horren aurrean «gustura» agertu da Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi. «Berri ona da, zalantzarik gabe. Eraldaketa erabatekoa da, erraustegirik eta zabortegirik gabeko kudeaketa baterantz joango garelako. Europako legediak ere horretara bultzatu gaitu. Beraz, berri ona ez ezik, logikoa ere bada». Ildo horretatik, Bilduren konpromisoa «argia» izan dela nabarmendu du. «Urtetaren itxiera nahi genuen, baina benetakoa. Ez faltsua, arazoa beste nonbaitera eramanez, erraustegiaren bidez. Orain data zehatza dugu: 2014ko abenduaren 31, eta ez dugu hondakin hori beste nonbaitera eramango».
2014tik aurrera, Urteta «arduragabekeriaren historia» izatea espero du, eta «ardurazko» garai berria «halako ondoriorik gabe» kudeatzen hastea posible izatea nahiko luke Zarauzko alkateak. Hala ere, zabortegia itxita hondakinen kudeaketarekin arazoa
ez dela konponduko ohartarazi du, eta ondorioz, «arduraz» jokatzen jarraitu beharko dela jakinarazi.
Albistea ofizialki konfirmatu ez badute ere, azpeitiarrentzat ere «oso berri ona» dela esan du bere aldetik Eneko Etxeberria alkateak. «Udalak behin eta berriz eskatu du Lapatx ixtea, eta hala egiten badute, udalak eta herritarrek egingo dute dagokiena: birziklatu egingo dute. Konpromiso hori betetzea eskatzen diegu besteei ere».
Planaren aurkezpena, gaur
Nazioarteko aditu talde batek Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gipuzkoako Plan Integralaren egokitzapena egin du Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, eta Gipuzkoako hiru zabortegiak 2014. urte amaiera baino lehen itxi behar direla ondorioztatu dute, besteak beste. Gaur aurkeztuko du Foru Aldundiak aurrerapen dokumentua Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Etzi, berriz, Zarauzko Antoniano Ikastetxean Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak eta Zero Waste Europe-ko zuzendari Joan Marc Simonek emango dute planaren nondik norakoen berri, 19:00etan.
Finantziaziorik ez
Zabortegiak ixtea eskatzeaz gain, errauste planta egiteko ez dagoela «beharrik» dio egokitu berri duten planak. Hori berretsi zuten, hain zuzen, atzo Gipuzkoako 50 alkatek — tartean Azkoitikoak, Azpeitikoak, Getariakoak, Oriokoak, Zarauzkoak, Zestoakoak eta Zumaiakoak—Donostiako Miramar jauregian egindako agerraldian. Alkateok errauste planta ez dutela finantzatuko nabarmendu zuten.
Haien arabera, «zerbitzuei eusteko-eta aurrekontuak prestatzeko arazo larriak» dituzte, eta ondorioz, udalok ez daude «nahi ez» duten errauste plantan «dirua xahutzeko prest». Horrez gain, egitasmo hori ingurumenarentzat «kaltegarria» dela adierazi zuten. Ildo horretatik, euren herrietako zaborra ez dutela erraustuko, eta hondakinak jasotzeko orain arteko sistemarekin ezin dela jarraitu esan zuten atzo, baita «birzikla daitekeen guztia birziklatzen» saiatuko direla ere.
Europako hondakinen zuzentarauak lehenesten duenari jarraituz, udalek, udal elkarteek eta Gipuzkoako Patzuergoak abiatuko duten politika berriak hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea izango du helburu. Hala, Zero Zabor filosofian oinarritu dute aipatu plana.
Tratamendu berezia
Bestalde, hondakin guztiek tratamendu berezia jasoko dutela dio plan integral berriak, aurrez tratatu gabe ez dela zaborrik isuriko. Horiek tratatzeko, azpiegitura sare berria jarriko dute martxan herrialdean, eta horren bitartez, hondakina sortzen den tokitik hurbil tratatuko dute. Azpiegitura horrek, gainera, Zubietan aurreikusitako errauste plantaren aurrekontu (400 milioi euro) erdia izango duela jakinarazi dute.
Hondakinak jasotzeko sistema, berriz, herri bakoitzean erabaki beharko da. Horren harira, Zarauzko alkateak herrian «beste sistema bat jartzeko aukerari atea irekia» zion atzoko agerraldian. Aukeratzen duten bilketa sistemak, gainera, «gutxienez %70eko birziklatze tasa bermatu beharko» du, Illarramendiren esanetan.
50 alkateak atez ateko sistemaren alde agertu dira, «sistema horri esker hondakinen %80 birziklatzen baita». Bosgarren edukiontziaren datuak, berriz, atez atekoak ematen dituen emaitzetatik «oso urruti» daudela gaineratu zuten. Dena den, hondakinak gaika jasotzeko bilketa sistema anitzak daudela gogoratu zuten.
Birziklatzearen alde
Hondakinak biltzeko sisteman aldaketak egitea «ezinbestekoa» dela iristen dio Zarauzko Bilduk eta Aralar-Ezker Anitzak; birziklatzea errealitate izan dadin, 2014an hondakinen sailkatze tasa %70etik gora kokatzea «beharrezkoa» dela. Horretarako, herriko berezitasunak kontuan izanda, udala beharrezko neurriak aztertzera konprometitu da. Birziklatzearen alde urratsak ematearen alde agertu ziren hala aipatu alderdiak, pasa den asteazkeneko plenoan aurkeztutako mozioaren bitartez. Gehiengoz onartu zuten idatzia, bi koalizioen aldeko botoekin; PSE-EEk , PPk eta EAJk, berriz, ez zuten mozioa babestu.
Aipatu aztertu beharreko neurrien artean, bilketa sistematik hasi behar dela jaso zuten mozioan, «batez ere konposta ondo biltzeko». Hondakin gutxiago sortzeko, berriz, «prebentzioan indarra egin» behar dela gehitu zuten bi alderditako ordezkariek.
Ildo horretatik, hondakinak berrerabiltzearen, birziklatzearen eta murriztearen aldeko jarrera agertu zuten biek ala biek mozioaren bitartez. Hori, «borondatezko ekintza» baino, «zarauztar guztien ardura eta betebeharra» dela nabarmendu zuten.
Horren harira, sentsibilizatzeko kanpainak abiatuko dituzte, eta «konponbiderako agente nagusia herritarra denez», prozesu parte-hartzaile «irekiak, anitzak, gardenak eta erabakigarriak» antolatu. Horien bidez biltze
sisteman egon daitezkeen aukeren artean «egokiena» erabakiko dute zarauztarrekin elkarlanean.
———————————
Eduard Moreno (Ingurumen teknikaria): «Hondakinak tratatzeko gastuak %61 jaitsi dira»
Eduard Morenok (Bartzelona, 1974), Canet de Mar udalerriko ingurumen teknikariak atez ateko sistemaren inguruko esperientzia azalduko du gaur, 19:00etan, Zumaiako Alondegian. Canet de Mar 14.000 biztanle inguruko herria da, eta 2005az geroztik atez ate biltzen dituzte hondakinak. Aste Berdean eskainiko du saioa.
Zer azalduko duzu gaurko hitzaldian?
Canet de Mar herriko esperientzia kontatuko dut. Hondakinak kudeatzeko eredu hori ezarri aurretik egin genuen komunikazio kanpaina azalduko dut; herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak izango ditut hizpide. Halaber, azken urteetako emaitzak ere plazaratuko ditut, birziklatzeari dagokionez. Horrekin batera, datu ekonomikoak ere azalduko ditut, baita gure udalerriko bilketa sistemaren funtzionamendua eta izan ditugun arazoak ere.
Atez atekoa ezarri aurretik, nola kudeatzen zenituzten hondakinak?
Edukiontzien bidez kudeatzen genituen; organikoa ez zen bereizten, baina bai errefusa, papera, plastikoa eta beira.
Zein da birziklatze tasa?
2012ko lehenengo hiruhilekoan %70 bereizten zen. Iaz, berriz, %67 birziklatu zen.
Eta atez atekoa ezarri aurretik?
Lehen %7 inguru birziklatzen zen. 2005ean, atez atekoa ezarri genuen lehenengo urtean, gorakada nabarmena antzeman genuen.
Nola egiten duzue atez atekoa Canet de Mar-en?
Errefusa, organikoa, plastikoa eta papera atez ate jasotzen da, eta beira kaleko edukiontzien
bidez kudeatzen da. Egun bakoitzean gai jakinak kasotzen dira. Esaterako, organikoa lau egunetan jasotzen da, eta errefusa eta papera egun bakar batean.
Plastikoa bi egunetan jasotzen dute. Egun horietan herritarrek hondakinak jaisten dituzte, 20:00etatik 22:00etara bitartean. Etxebizitza bakoitzak hamar litroko kubo bat du, organikoarentzako; hala, herritarrek kubo horrekin utz ditzakete hondakinak, poltsekin egin beharrean. Gainontzekoak, edozein poltsetan atera daitezke. Ostalariek, ordea, beste modu batera funtzionatzen dute.
Zer abantaila du atez atekoak?
Atez atekoarekin hasi ginenean ezarri genuen helburuetako bat legea betetzea zen. Legeak hondakin organikoa bereizita jasotzea eskatzen du, eta hori betetzea lortu dugu. Helburu garrantzitsuagoa zen birziklatze maila ahalik eta altuena izatea. Hondakinak kudeatzeko eredu jasangarriena nahi genuen, eta atez atekoa horretarako sistema egokienetakoa zela uste genuen. Hirugarren asmoa egoera ekonomikoa egonkortzea zen. Birziklatze maila altuari esker, diru-sarrerak izan ditugu, eta hondakinen kudeaketa egonkortu ahal izan dugu. Edukiontzekin jarraitu bagenu, balantze negatiboan egongo ginateke. Hondakinen tasa igoko genuke, eta atez atekoarekin 2005eko tasei eustea lortu dugu.
Atez atekoaren aurka daudenek diote sistema hori garestia izango dela;. Zein da zuen bizipena?
Hondakinen kontratuak asko garestitu dira, orain gai guztiak jasotzen ditugulako. Lehen oso merke ateratzen zitzaigun, baina zerbitzua oso txarra zen. Orain, lehen baino gastu gehiago dugu, baina hondakinak tratatzen gutxiago gastatzen dugu. %61 murriztu dugu horretan. Horrez gain, diru-sarrera gehiago ditugu, papela saltzen dugulako, kasu. Merkeagoa da atez atekoa.
Zer eragozpen ditu eredu honek?
Eredu guztiek dituzte eragozpenak, baita honek ere. Gurean, kalean uzten dituzten zabor poltsak dira arazoetako bat. Egunean 70-100 poltsa agertzen dira. Arazo hori konpontzen ari gara, eta beste eragozpena da larrialdi guneak gainezka egiten dutela. Egun jakin batean hondakinak bereiztuta atera ezin duenak erabiltzen du gune hori.
Canet de Mar herri turistikoa da. Turistei begira ezer berezirik egin al daiteke?
Egutegia aldatu dugu, eta hondakin mota ia guztiak asteburuetan ere ateratzea ahalbidetu dugu. Aurreko ereduarekin askok larrialdi guneak erabiltzen zituzten. Oraingo neurriarekin uste dugu turistek errazago bilduko dutela zaborra. Kanpinean, esaterako, edukiontziak daude, baina bertako arduradunak
dagozkion egunean ateratzen dituzte hondakinak. Eraikin handietan antzera funtzionatzen dute.
———————————
Ekainaren 17an Donostiara deitu dituzte Urola Kostako herritarrak
Ekainaren 17an, Donostian, Aire garbiak bira nazan, zero errausketa lelo hartuta mosaiko erraldoia egingo dute, 12:30ean. Azpeitia Zero Zabor herri ekimenak herritarrak han parte hartzera animatu ditu. Horrez gain, aurretik Azpeitian bertan hainbat ekimen antolatu dute.
Gipuzkoa hondakinen kudeaketaren eta bilketa sistemaren inguruan urrats garrantzitsu baten atarian dagoela azaldu dute. «Hurrengo asteetan erabakiko da Gipuzkoak zein hautu egingo duen: errauste plantaren, eta, ondorioz, eredu linealaren aldeko hautua; edo, zero zabor programaren aldekoa, eredu zirkularraren bidean sakonduz, murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz». Gipuzkoan errauste planta eraikitzeko zer interes dauden galdetu dute Azpeitian Zero Zaborrekoek, «bitartean Europan orain arteko zabortegiak eta errauskailuak bertan behera uzteko apustua egiten ari baitira».
Erronkaren aurrean herritarrek zeresan handia dutela diote Azpeitia Zero Zabor taldekoek. Horregatik, herritarren mobilizazioak indartu behar direla uste dute taldekideek. «Asko dago jokoan, eta ez dugu ahaztu behar orain hartzen den erabakiak, hurrengo urteak ere baldintzatuko dituela. Etorkizuna dago jokoan».
Hori guztiagatik, ekainaren 17an Donostian egingo den ekimenean eta ordura bitartean herrian antolatutakoetan parte hartzera animatu dituzte azpeitiarrak, zero zabor programaren alde, eta erraustearearen kontra eginez. Etxeetako balkoietan jartzeko koloretako errotak salgai jarriko dituzte plazan, asteartetan eta ostiraletan. Gainera,
Donostiako ekimenerako koloretako kartulinak banatuko dituzte.
Zarauzko Zero Zaborrek errauste plantaren aurkako agerraldia egingo du igandean. Horrekin batera, herritarrak ekainaren 17an Donostian egingo duten ekitaldian parte hartzera deituko ditu. 12:00etan elkartuko dira Munoa Plazan.
Egitaraua
-Ekainak 6. 21:00etan, Errausketari ateak ixten dokumentala, Betharrametan.
-Ekainak 9. 12:00etan, kazetarien galderei erantzunez gosaria, Sanagustinen.
-Ekainak 13. 21:00etan, Zero Zabor programa. Eta errefusarekin zer? hitzaldia, Betharramen.
-Ekainak 17. 12:30ean, Donostian, mosaiko erraldoia. Azpeititik autobusak antolatuko dituzte Azpeitiko Zero Zaborrekoek.
