Orioko Udalak animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Udal Ordenantza onartu du, animalien eta pertsonen arteko «elkarbizitza harmonizatzeko» asmoz. Animalien tratua, higienea, zaintza eta garraioaren inguruan gutxieneko neurriak zehaztu ditu udalak. Hala nola, Udalak debekatu egin du gune publikoetan, hondartzan, haur parkeetan eta lorategietan zakurren iraizkina uztea, eta arau hori hausten duenak 601 euro arteko isuna jaso ahal izango du. Halaber, urriaren 1etik Aste Santura bitartean hondartzan eta inguruko guneetan txakurrak egon daitezke, baina gainontzeko egunetarako hainbat neurri zehaztu dituzte; egun horietan 21:00etatik 06:00etara egon daitezke zakurrak, beti ere lotuta baldin badaude.
Kaleko animaliei dagokienez, berriz, bide publikoan eta ordubetean animaliei jaten ematea debekatuta egongo da, horretarako baimenik izan ezean.
Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek, berriz, muturrekoak eraman beharko dituzte; une oro lotuta egon beharko du kalean, eta jabeak ezin izango du zakur bat baino gehiago eraman. Hain zuzen, arau hauste «larria» izango da animalia leku publikoetan lotu gabe izatea, eta 2.400 euro arteko isunarekin zigortu ahalko dute jabea. Halaber, etxalde, terraza eta bestelako leku mugatuetan ere lotuta egin beharko dute. Udalak, bere aldetik, zakurraren arrisku maila baloratu ahalko du, jabeak hala eskatuz gero.