Gutuna: Ertzainak Zarautzen

Zarauzko Hitza 2012ko eka. 4a, 12:23

Ez da harritzekoa larunbat gauean Zarautzen gertatu zena. Norbaitek pentsa dezake ezetz, ertzainak pasatu egin direla, baina (beste) behin bakarrik. Jendearen sumindura ikusita, bakarra ez ezik, ohiko jarrera zela argi eta garbi genuen askok, ordea.

E...

Ez da harritzekoa larunbat gauean Zarautzen gertatu zena. Norbaitek pentsa dezake ezetz, ertzainak pasatu egin direla, baina (beste) behin bakarrik. Jendearen sumindura ikusita, bakarra ez ezik, ohiko jarrera zela argi eta garbi genuen askok, ordea.

Ertzaintza “los hombres de Harrelson” bezala aritu zen lehenbizi Zumaian eta gero Zarautzen. Inguruan zituzten guztiak jipoituz, gauean ondo pasatzen lasai-lasai geunden denak susmagarritzat hartuz eta jendea bila ez zihoazen arrazoiengatik atxilotuz. Drogena, azken batean, gau batez barra libre izateko aitzakia bat besterik ez zen.

Ertzaintza urrun dago bete beharko lukeen arduretatik. Iñigo Cabacas hil izana gutxi ez, eta orain gauez “justizia” egitera ateratzen da, jendea izutuz eta egurra emanez.

Baina larriena, Ertzaintzak zein jarrera duen ikusita ere, aurreko batean Bilduk Ertzaintzaren jokabidea aldatu behar zuela aztertzeko mozioa sartu zuenean, ez EAJk eta ez Aralarrek ere ez zutela babestu ikustea izan da. Suposatzen dut, biek ala biek babestuko dutela beraz larunbateko jarrera, euren isiltasunarekin.

EAJrentzat, larunbat gauekoa jarrera Ertzaintzaren normala da. Beti babestu baitu Ertzaintza eta beti babestuko. Bai, Kukutzan, bai Cabacas hil zuenean, eta zergatik ez, baita zarauztarrak jipoitu, izutu eta atxilotzen dituztenean ere.

Egun ona izan zen larunbatekoa, EAJren estilora, Ertzaintzaren izen ona hobetzeko.

Martin Irazusta

Zarautz

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide