San Jose auzoa eraberritzearen inguruko parte hartze prozesua abiatuko du Zumaiako Udalak

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 4a

Zumaiako udal ordezkariak San Jose auzoko bizilagunekin bilduko dira ostegunean eta ekainaren 21ean. San Jose eraberritu eta egokitzeko plan berezia auzotarrekin osatzea dute helburu. Parte hartze prozesu horren bitartez, auzotarrek erabakiko dute zein egokitzapen lanekin hasi, lehentasunak markatuz. Parte hartze prozesu hau abiatuta, Zumaiako Udalak azken urteotan San Joseko auzotarren eskaerei erantzungo die. Jakinarazi dutenez, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko bileretan behin baino gehiagotan azaldu dituzte bizilagunek  auzoko beharrak zeintzuk diren. Aurten, aurrekontuak onartuta, plan berezia gauzatu egingo dela nabarmendu du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Horretarako, datorren urterako diru partida bat gordeko da, auzoko gabeziei erantzute aldera. Bilerak: -Ekainak 7, osteguna. 19:00etan izango da bilera, udaletxean. Altair Ingeniaritzako ordezkariak eta udaleko arkitektoa izango dira bertan, plan bereziaren xehetasunak eta fase bakoitzaren nondik norakoak azaltzeko. Bilkura horren helburua auzotarrei informazio osoa helaraztea da, lehentasunak markatzeko irizpideak izan ditzaten. -Ekainak 21, osteguna. Lehentasunak zehaztuko dituzte. Hirugarren bilera ere egingo dute, behin betiko erabakiak herritarrei jakinarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide