Asier Olaizola getariarra da Lagun Onak-en lehen taldearen entrenatzaile berria

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 1a

Asier Olaizola getariarra izango da datorren denboraldian Azpeitiko Lagun Onak-eko gizonezkoen lehen taldearen entrenatzaile berria. Espainiako Hirugarren mailan jokatzen du Lagun Onak-ek. Olaizola azken urteetan Lagun Onak-eko gizonezkoen bigarren taldearen entrenatzailea izan da, "gainera oso emaitza onak lortu dituzte", esan du Azpeitiko futboleko klubak, "txapelketa irabazi dute eta taldea Ohorezko Erregionalen mailara igo da. Lagun Onak futbol klubak Uztarriako komunitatean eman du berria, eta bertan adierazi dutenez, "zuzendaritza taldeak ez du zalantzarik izan entrenatzaile berria aukeratzeko garaian, eta ekin berri duen ibilbiderako gidaririk egokiena izatea espero du, besteak beste, kluba eta harrobia oso ongi ezagutzen baititu". Asier Olaizolaren Curriculumeko datu batzuk ere eman ditu Lagun Onak-ek: "Futbol entrenatzaile titulua du eta hainbat talde entrenatu ditu: Zarauzko Jubenilak, Zestoako Erregional mailako taldea, Espainiako Hirugarren mailako Elgoibar eta Zumaiakoko Ohorezko Erregional maila". Azken bi denboralditan Iñaki Eskisabel (Olaberria, 1966) izan da Lagun Onak futbol taldeko Hirugarren mailako taldea entrenatzen jardun duena. Futbol taldeak eskerrak eman eta zorte ona opatu die Eskisabeli eta haren laguntzaile jardun duen Txapi Oiarzabali "egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide