Orioko Herri Ikastolak bere historia azaltzen duen
40 urte mantalak lotzen liburua aurkeztu du; ikastolaren urteurren borobilean, Xabier Sukia Orioko bertsolariak eta ikastolako ikasle ohiak idatzi du liburua, eta herriko 70 lagun baino gehiago elkarrizketatu ditu horretarako. Sukiaren esanetan, liburua "ikastolatik ikastolarentzat" idatzitakoa da, eta egitasmoan parte hartzea "pribilegioa" izan dela aitortu du; bertsolariak adierazi du liburua "koloretsua" eta "irakurterraza" dela, azken hamarkadetako pasarteez, komikiez eta argazkiez osatuta. "Historia jasotzeaz gain, liburu atsegin bat egin nahi izan dugu".
Liburua hainbat ataletan banatu dute; lehenenengo ikastolak sortu aurreko testuingurua azaldu dute, eta bigarrengoan ekin diote Orioko Herri Ikastolaren historia azaltzeari; hala nola, ikastola sortu zenetik erabili dituzten eraikinak eta horiek izan duten garrantzia aipatu dute bertan; Iñaki Beraza ikastolako zuzendariak adierazi du "umore puntua" eman diotela liburuari. Ondoren, ikastolatik igarotako herritarren oroitzapenak bilduko dituzte; azkenean, argazki zaharrak eta berriak uztartu dituzte.
Igandean kaleratuko dituzte liburuak; 1.500 ale jarriko dituzte herritarren esku, eta ikastolako familiei eta famili ohiei liburu bana oparituko diete; gainontzekoak, ikastolako idazkaritzan izango dira salgai, 10 eurotan.