
Zigordia kalea peatonalizatzeko bideratuko dute inbertsio nagusietako bat (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Zarauzko Udalak 2012rako aurrekontuaren %70 bideratuko du inbertsioetara, aurrekontu proposamena behin betikoz onartzen badute. Inbertsio horien zati handi bat, gainera, ekonomia soziala indartzeko izango da; %8 igo dute kapitulu hori. Hirigintza eta ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek aurrekontuen helburua «herritarren behar nagusiak asetzea» dela nabarmendu du, «ahalmen txikiena dutenei eragiten dieten politikak ahalik eta gutxien ukituz, edo are gehiago indartuz».
Hala, «hainbat ekonomia sektoreren arteko oreka» bilatu nahi du, eta «ardatza pertsonei itzuli». Herri marka berria sortzea dute xede, hainbat zutabetan oinarrituta: Errotaberri eta garapen sozioekonomikoa; kultura; parte hartze eta gardentasuna, eta ingurumena. Bestalde, Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlana indartzeko asmoa dute aurrekontuen bidez; hondakinen kudeaketan eta turismoan ezik, enplegua sustatzeko udal elkarteak egiten duen ahalegina babestea proposatu du. Ildo horretatik, mankomunitatearen bidez udal zereginetarako langabeak enplegatzeko 60.000 euro aurreikusi dituzte.
Era berean, udal langileekin lan hitzarmena adoste bidean dago udal gobernua. Besteak beste, langileen soldatak %2,4 igoko dituzte, eta haiekiko duten zorra kitatuko dute. Horrekin batera, mugikortasun iraunkorra eta parekidetasuna bultzatu asmoa dute. Azken puntu horretan, Berdintasun Planean aurreikusitako ekintzak aurrera eramateko partida prestatu dute.
Kulturari dagokionez, partida garrantzitsu bat—220.000 euro— polikulturalaren kontratuak eteteko baliatuko dute, aurrekontuak onartuz gero. 42.000 euro, berriz, Modelo zinema alokatu eta egokitzeko erabiliko dituzte.
Gehiengoz
Herenegungo osoko bilkuran aurkeztu zuten aurrekontu proposamena, eta behin-behinean onartu, gehiengoz. Bildu eta Aralar-Ezker Anitzak proposamenaren alde bozkatu zuten; PP, EAJ eta PSE-EEk, berriz, kontra. PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak behin-behineko aurrekontuak alda zitzaten 46 emendakin inguru aurkeztu zituen. Eztabaidatu ostean,ordea, erretiratu egin zituen. Aurrekontuok herriko beharretara ez direla «egokitzen» zioen. «Krisi garaian ongizatea da gehien bultzatu behar dena; beste arloei garrantzi handiagoa eman diozue». Besteak beste, 220.000 euro polikulturalaren kontratuak eteteko baliatu izana salatu zuen. «Diru asko gastatu nahi duzue beharrezkoak ez diren kontuetan». Aurreko legealdiko aurrekontuen «jarraipen hutsa» dela esan zuen, eta udal gobernuak ez duela oposizioa kontuan izan horiek prestatzerakoan.
Imanol Lasak, EAJko bozeramaileak, bat egin zuen Elolarekin: «Gardentasun falta erakutsi duzue». Ez direla «beren aurrekontuak» nabarmendu zuen, eta udal gobernuak prozesua «gaizki» bideratu duela. Ez duela epe luzeko plangintzarik eta inbertsioetarako egitasmorik. Ildo horretatik, aurrekontu horiek behin betikoak direnez, jendaurrean dauden epean EAJk proposamenak aurkeztuko dituela ohartarazi zuen.
Bere aldetik, PPko bozeramaile Rafa Olaizolak udal gobernuak defizita jaisteko «benetako apusturik» ez duela egin kritikatu zuen, eta aurreko legealdiko aurrekontu berarekin jardun duela lanean. Prozeduran akatsak egin dituela adierazi zuen, bestalde.
Aralar- Ezker Anitzako zinegotziek proposamena babestu zuten, haiek egindako hainbat eskakizun kontuan izan dutelako aurrekontuak osatzerakoan. Besteak beste, Modelo zinema alokatu eta egokitu, mankomunitatearen bitartez enplegu plana sortu eta bidegorri sarea zabaltzeko partidak aurreikusi ditu udal gobernuak aurrekontuetan. Horrez gain, Kortazarren alokairuzko 150 etxebizitza egiteko eta udal langileekin lan baldintzak adosteko konpromisoa hartu du.
15 egunean jendaurrean izango dira aurrekontuak, eta alegaziorik ezean, uztaileko plenoan aurkeztuko dituzte bigarrengoz, behin betiko onar ditzaten.
2012rako aurrekontu proposamena
Aurrekontua
-2012rako aurrekontua. 28.428.296 euro. Iazko aurrekontua mantendu dute, gutxi gorabehera; %0,1 igo dute.
-2012rako aurrekontu bateratua. Ia 29 milioi euro.
Erakunde automoak.
-Kirol Patronatua. 2,3 milioi euro.
-Turismo Patronatua. 1, 7 milioi euro.
-Zarautz Lur. 143.077,93 euro (inbertsioetarako finantziazioa kanpo).
Inbertsio nagusiak
-Alde Zaharreko peatonalizazioa. 860.000 euro bi urtetan ordaintzeko. Aurten 460.000 euro ordainduko dituzte, zati jakin bat egingo dute udazkenetik aurrera, Zigordia kale hasieratik Santa Marinako Eroskiraino. Gainontzeko zatia datorren urtean egin eta ordainduko (400.000 euro) dute.
-Polikulturalaren kontratuak etetea. 220.000 euro. Hasieran, 250.000 euro ordaintzea aurreikusi zuten aipatu kontratuak bertan behera uzteko; 30.000 euro horiek Modelo egokitzeko baliatuko dituzte.
-Apartamentu tutelatuentzako higigarriak. 160.000 euro. Atal honetako partida
%8 igo dute. Bi pisu tutelatutik hamaihiru izatera pasatuko dira, eta larrialdiko pisu bakarretik bost izatera.
-Errotaberriren urbanizazioa. 160.000 euro.
-Mollarri kaleko aldapa berdintzea. 133.000 euro.
-Asfaltatze lanak. 100.000 euro. Errepideen egoera txarra konpontzeko bideratuko dute diru kopuru hori, Santa Marina eta Arabakoa, esaterako.
-Mugikortasuna. 80.000 euro. Bidegorri berriak egiteko, autobus geltokitako markesinak konpondu edota eraikitzeko, autobus anezkak edo lanzaderak ordaintzeko eta disuasio-aparkalekuak egiteko, besteak beste.
-Haurrentzako parkeak egokitu edo aldatu. 80.000 euro. Auzoz auzoz egindako bileretako eskakizunei erantzuteko.
-Irristakortasunaren kontrako plana. 32.000 euro. Auzoz auzoz egindako bileretako eskakizunei erantzuteko. Vista Alegren eta Azken Portu goian egingo dituzte konponketak, besteak beste.
-Zuntz optikoa. 23.000 euro. Udalaren hainbat eraikinetan zuntz optikoa jarriko dute, eta konexioa iristen ez den lekuetan, berriz, elikatzaile edo alimentadore independenteak . Horrek etorkizunera begira gastuak—egun garesti ordaintzen da internet konexioagatik— murriztea ekarriko du.