Azpeitiko Udalaren asmoa epe labur batean Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriari hasierako onespena ematea da; abuzturako planaren onarpenerako lehen pauso hori emanda izatea nahiko luke. Azken hilabeteotan Hirigintza Plana taxutzeko prozesuak aurrera asko egin duela esan du Eneko Etxeberria alkateak (Bildu). Planari zortzi-hamar urterako biziraupena iragartzen diote, eta gaur egun dauden hainbat aferari «irtenbideak» eskaintzen dizkiola esan du.
Alkateak azaldu duenez, Udala aspalditik ari da herriaren antolamendurako Hirigintza Plan berria osatzen. Udaletxe barruan planaren inguruko hainbat bilera egin dutela azaldu du: alderdiekin, batzordeetan aurkeztu dute... Herenegun, berriz, Hirigintza Planaren Aholku Kontseilua egin zuten udaletxean.
Epaitegietako aferak
Udalak aurretik egindako Hirigintzako planaren inguruan hainbat afera judizial daude zabalik. 2007ko Azpeitiko Hirigintza Planaren inguruko ebazpena epe oso laburrean emango du Auzitegi Gorenak, eta Udalaren ustez epaiak ez dira Azpeitiko Udalaren aldekoak izango. Orain tajutzen ari diren Hirigintza Plan berriak, ordea, «irtenbideak» ditu alkatearen esanetan.
2009ko uztailaren 23an Azpeitirako hirigintzako plan orokor berria egiteko erabakia hartu zuen Azpeitiko Udalak, udalbatzarrean. Ordutik, ordea, udaleko ordezkaritza politikoa aldatu egin da, tartean Udal Hauteskundeak izan direlako. Horrez gain, herriko egoera ere beste era batekoa da: Corrugados Gallardo enpresaren egoera kasu.
Zatika landu ez
Corrugados Gallardoko labeak Trukutxo eremura eraman, eta gaur egun enpresa dagoen tokian etxebizitzak eraikitzea da Udalak hirigintza planean jasotzen duena, eta horri bide ematen dio plan berriak. Baina, Frantziskanetako eremuan udalarena den lur zatia eta Corrugadosekoa batera garatu nahi ditu Udalak. «Amue bezala izendatutako eremu hori zatika ez garatzea erabaki da, herriko gune garrantzitsuena izanik, ongi egitea merezi duelako. Beraz, labea oraindik hor dagoela ez da etxeak egiteko leku aproposa», argitu du Udalak.
Beraz, herria Esklaba-Iturzulo eremu aldera haztea da Udalaren asmoa. «Baina, aurreko planean iragartzen zen baino dentsitate txikiagoan egingo dira etxebizitzak; hazkunde mugatua izango du. Esaterako, Izarraizpe eremuan etxerik ez egitea proposatzen dugu planean», argitu dute.
272 etxebizitza gutxiago
Hirigintzako plan berriak zortzi-hamar urteko epean 1.205 etxe berri egitea aurreikusten du; aurreko dokumentuak 1.477 aurreikusten zituen. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak, berriz, 1.037 eta 1.586 etxebizitzako kopurua du jarrita Azpeitirako. Beraz, hirigintza planak tarte horretako etxebizitza kopurua jaso beharra dauka. Aciliona, Zezen-plaza, Santutxo, San Migel, Esklaba-Iturzulo, Madalena-Soreasu, Amuen eta Txorietxe (Urrestilla) eremuetan aurreikusi dute etxeak eraikitzea.
Datozen urteotarako hirigintza planaren proposamenak aurreikusten dituen etxebizitzetatik 275 babes ofizialekoak izango dira, 336 tasatuak eta gainontzeko 552ak libreak. Lurraldeko Zatikako Plana arabera 424 etxebizitzak beharko lukete babestuak, eta orain proposatzen duten plan berriaren arabera gehiago izango lirateke babestuak, 611.