Xeyko zuzendaritzak soldatak ia heren bat jaisteko asmoa dutela salatu dute langileek

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 1a

Zumaiako Xey enpresako langileek salatu dute zuzendaritzak langileen soldatak %30 jaisteko eta lan orduak igotzeko asmoa duela. Nagusien eta ELA eta UGT sindikatuen artean indarrean zegoen akordioa zuzendaritzak «egun batetik bestera» eten egin duela jakinarazi dute Xeyko LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek, eta proposamen berria Espainiako Gobernuak hartu dituen neurrien «ondorio» dela adierazi dute. «Zuzendaritzak pasa zen hilaren 22an aurkeztu zizkigun aurrera eraman nahi dituen neurriak, eta goitik behera bota zuen akordioa. Espainiako Gobernuak lan erreforma egin ezean, ia ezinezkoa litzateke halako neurriak martxan jartzea», adierazi du Bittor Bengoa LABeko ordezkariak. Langileek «oso larritzat» eta «astakeriatzat» jotzen dituzte zuzendaritzak indarrean jarri nahi dituen neurriak, langileak «pobretu» egingo dituztelakoan. Olatz Rezalabal ELAko ordezkariak nabarmendu du eskubide asko «suntsitu» nahi dituela zuzendaritzak. Soldatari dagokionez, langileak lansari osoaren %10 gutxiago jasotzen zuten orain arte, eta zuzendaritzak %20 gehiago jaitsi nahi du. Aldi berean, lanaldi osoa baino %10 ordu gutxiagoz jarduten dute enpresan, eta nagusiek lanaldi osoa ezarriko diete orain. Bestetik, ELAko ordezkariak adierazi du bulegoetako langileek istripu eta gaixotasun bajak erabat kobratzen dituztela, baita lantegikoek ere, beti ere %4eko absentismoa gainditzen ez badute. Oraingo neurrekin, ordea, lehenengo hiru egunetan ez dute dirurik jasoko, eta hurrengo hamabi egunetan %60 jasoko dute. Ordezkarien ustez, «neurri horrek langileen soldata kolpatuko du zuzenean». Rafael Huerto CCOOko ordezkariak erantsi du duela bi urte Xeyn hasi ziren langileak egun 900 euro inguru jasotzen dituztela, eta neurri berriekin soldata «jasanezina» izango dutela salatu du. Zentzu horretan, soldata jaitsierarekin, hainbat langile Gipuzkoako metal sektoreko hitzarmenaren azpitik geratuko liratekeela jakinarazi dute ordezkariek. «Ia berrogei urtean lortutako guztia minutu batetan kendu digute», irizten dio Rezabalek. Horrez gain, enpresak lau urte darama Lan Erraegulazio Txosten batekin. Hainbat langile langabezia egunak agortzen ari dela jakinarazi dute, eta neurri berriekin egoera hori «areagotu» egingo dela uste dute, ekoizpen berarekin lanordu gehiago egingo baitituzte. Ondorioz, gizarte-segurantzako kotizazioetarako eta, beraz, erretiro garairako lana «latz» egin beharko dutela salatu dute. Izan ere, enpresan 120 langile inguruk egiten dute lan, eta horietatik %80ek 50 urte inguru dituztela adierazi dute. Mobilizazioak, erabakitzeko Zuzendaritzak ekainaren 15etik aurrera ezarri nahi ditu neurri berriak, eta langileek ordura arteko epea dute kontraporposamena aurkeztu edota negoziatzen hasteko. Hala ere, negoziazioetan hastea ez dute uste «egokia» denik. «Mahai gainean jarri dizkiguten neurrietan oinarrituta negoziazioetan hastea oso zaila da», adierazi du Bengoak. «Halako neurri gogorrak proposatu aurretik langileekin hitz egiteko eskatu diogu, baina zuzendaritzak uko egin dio», gaineratu du Jose Mari Prieto UGTko ordezkariak. «Ez du ezertarako balio negoziazioetan hasteak. Nola babes dezakegu negoziatzen duguna, edozein momentutan aldatzeko aukera baldin badu?», salatu du CCOOko ordezkariak. Egoera horren aurrean, langileen asanblada izango da hurrengo astelehenean, eta orduan erabakiko dute mobilizazioekin hasiko diren edo ez. Hala ere, sindikatuetako ordezkariek adierazi dute «borroka» egin beharra dutela, «duintasunagatik bada ere». Oraindik erabakirik hartu ez badute ere, ez dute alboratzen greba egitea. Neurri berriak azken urteetan izan dituzten «galerengatik» hartuko ditu zuzendaritzak. Huertok adierazi du zuzendaritzak esan  diela azken urteetan sei milioi euroko galerak izan dituela Xeyk. Sindikatuetako ordezkariek, ordea, ez dute uste neurriak enpresak duen arazoari «irtenbidea» emango dienik. Horien arabera, krisia sortu arte enpresak ez zuen atzerrira esportatzeko «beharrik», baina azken urteetan «ez dute jakin egoera berrira egokitzen». Zentzu horretan, Frantziara esportatzea proposatu dute langileek. Halaber, zuzendaritzak martxan jarri nahi dituen neurrien ondoren, kaleratzeak izango diren susmoa dute lau sindikatuetako kideek. Horien arabera, zuzendaritzak adierazi die litekeena dela aurrerantzean pauso berriak ematea. «Edozer gauza espero dugu». Halaber, Xeyko neurri berriak beste enpresetan ere «bata bestearen segidan» ezarriko dituztela uste dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide