Pagoeta eta Koadrila Eguna ospatuko dute ehunka lagunek

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 1a

Etzi, ekaineko lehenengo igandean, Pagoeta eta Koadroilen Eguna ospatuko dute Aian. Aiako Udalak aurreko urteetako egitarau berdina antolatu du beste urte batez, eta ohi bezala, mendi ibilaldiarekin hasiko dituzte ekitaldiak; goizeko 09:30ean Pagoeta mendira joango dira, herriko plazatik abiatuta. Itzuliaren ostean festa izango da nagusi plazan, 14:00etan herri bazkaria egingo baitute. Gehienez 220 lagunek hartu ahal izango dute bazkarian, eta herritarrek izango dute lehentasuna; bazkarira joateko izena emateko epea atzo amaitu bazen ere, antolatzaileek adierazi dute oraindik lekurik badela bazkarirako; horien arabera, atzo 150 lagun inguruk zuten izena emanda. Izena emateko Aiako kultur etxera (943-13 09 24) deitu behar da, eta hiru euro ordainduko dute. Bertaratzen direnentzat edaria, paella, ogia, kafea eta bazkaritarako tresnak eskainiko die udalak; koadrilek, beraz, gainontzeko janaria eraman beharko dute.  Mahaiak, berriz, izena emandako ordenaren arabera kokatuko dituzte. Arratsaldean jarraituko du festak, eta koadrilen artean jolasak egingo dituzte, eta ondoren erromeria saioa izango da plazan. Azken zortzi urteetan ospatu ohi dute herrian koadrila eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide