Udalak festetan zekorketak antolatu edo ez erabakiko dute zestoarrek etzi

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 1a

Igandekoa egun seinalatua izango da Zestoaren historian. Zestoako Udalak herriko festetan zekorketak antolatu edo ez galdetu, eta herritarren aldeko edo kontrako eskaerak jasoko ditu.  Denera, 3.012 zestoarrek izango dute eskaera egiteko aukera; hain zuzen, 18 urtetik gora izan eta iazko maiatzaren 1etik Zestoan erroldatuak daudenek izango dute eskaera egiteko aukera. Etzi, eskaera-orriak jasotzeko mahaiak goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak bitartean egongo dira zabalik. Bost mahai jarriko dituzte: Zestoako udaletxean (herri gunekoek, Lasaokoek eta Endoiakoek eskaera egiteko), Aizarnako eskolan, Arroa Beheko eskolan (Arroa Behea eta Narruondokoek), Iraetan (Iraeta eta Txiribogakoek) eta Arroa Goiko Herri Etxean (Arroa Goi eta Ibañarrietakoek). Zestoako Udalaren webgunean eskaera jasotzean unean uneko jarraipena egingo dute. Eskaera aldez aurretik egiteko epea gaur bukatuko da, eta hala egin dutenen kopuruaren berri ere gaur emango du udalak. Etzi, berriz, parte hartzearen jarraipena egingo du 12:00etan, 16:00etan eta 20:00etan. Gero, eskaerak zenbatzen dituztenean, emaitzaren berri emango du Zestoako Udalak. Zestoako Udalak herritarrak eskaera-jasotzean parte hartzera gonbidatu ditu. Prozesuaren zehaztasunak Zestoako zekorketen inguruko eskaera-jasotzeko prozesuan eman diren orain arteko pausoak ere argitu ditu udalak. Aurren-aurrena, galdeketa egiteko prozesu osoa martxan jartzeko mahaia antolatu zuten. Mahai hori Zestoako Udaleko bi alderdietako (Bildu eta EAJ) ordezkariek, zezenzaleek eta zezenketen aurkakoek osatu zuten. «Orduan, prozesuan parte [...]

Iazko zekorketa bat

Iazko zekorketa bateko irudia (Argazkilaria: Gaizka Otamendi)

Igandekoa egun seinalatua izango da Zestoaren historian. Zestoako Udalak herriko festetan zekorketak antolatu edo ez galdetu, eta herritarren aldeko edo kontrako eskaerak jasoko ditu.  Denera, 3.012 zestoarrek izango dute eskaera egiteko aukera; hain zuzen, 18 urtetik gora izan eta iazko maiatzaren 1etik Zestoan erroldatuak daudenek izango dute eskaera egiteko aukera.

Etzi, eskaera-orriak jasotzeko mahaiak goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak bitartean egongo dira zabalik. Bost mahai jarriko dituzte: Zestoako udaletxean (herri gunekoek, Lasaokoek eta Endoiakoek eskaera egiteko), Aizarnako eskolan, Arroa Beheko eskolan (Arroa Behea eta Narruondokoek), Iraetan (Iraeta eta Txiribogakoek) eta Arroa Goiko Herri Etxean (Arroa Goi eta Ibañarrietakoek).

Zestoako Udalaren webgunean eskaera jasotzean unean uneko jarraipena egingo dute. Eskaera aldez aurretik egiteko epea gaur bukatuko da, eta hala egin dutenen kopuruaren berri ere gaur emango du udalak. Etzi, berriz, parte hartzearen jarraipena egingo du 12:00etan, 16:00etan eta 20:00etan. Gero, eskaerak zenbatzen dituztenean, emaitzaren berri emango du Zestoako Udalak.

Zestoako Udalak herritarrak eskaera-jasotzean parte hartzera gonbidatu ditu.

Prozesuaren zehaztasunak
Zestoako zekorketen inguruko eskaera-jasotzeko prozesuan eman diren orain arteko pausoak ere argitu ditu udalak.

Aurren-aurrena, galdeketa egiteko prozesu osoa martxan jartzeko mahaia antolatu zuten. Mahai hori Zestoako Udaleko bi alderdietako (Bildu eta EAJ) ordezkariek, zezenzaleek eta zezenketen aurkakoek osatu zuten. «Orduan, prozesuan parte hartzeko prest azaldu ziren denak», jakinarazi du udalak. Ondoren, martxoaren 13an, lehenengo bilera egin zuten, eta alde guztietako ordezkariek hartu zuten parte bertan. Ez zuten erabakirik hartu, baina hurrengo bilerara bakoitzak bere erabakia eramatekotan gelditu ziren.

Segidan beste hiru bilera egin zituzten; martxoaren 20an, apirilaren 3an eta apirilaren 17an. Bilera horietara, ordea, ez ziren zezenzaleen ordezkariak joan. «Batzar guztietarako gonbitea bi aldeei bidali genien udaletxetik, eta zezenzaleak bileretara etorri ez ziren arren, akta guztiak bidali zitzaizkien. Akta horietan batzarretan hartutako erabakiak jaso ziren», argitu du Leire Etxeberriak, Zestoako alkateak. Udalak azaldu du, zezenzaleei gonbita bidali zitzaien arren, haien ordezkaririk ez dela azaldu bileretara.

Apirilaren 23an, berriz, bilera informatiboa egin zuen Udalak, eskaera prozesurako hartutako erabakien eta adostatutakoaren berri emanez. Handik hiru egunetara, apirilaren 26an, Udaleko Osoko Bilkurak eskaera-jasotzearen prozesua arautzen duten erabakiak onartu zituen.

Zestoako Udaletik azaldu dutenez, herritarrek edota herriko eragileek izan ditzaketen galderak edota zalantzak argitzeko udalak «ateak irekiak» ditu.

Berria.info-n Zestoako zekorketez erreportajea eginda du.

 

GUTUNA:

Zezenketen galdeketaren harira
Igandean Zestoan burutuko den galdeketa dela eta, Zestoako ezker abertzaleak hainbat gogoeta luzatu nahi lituzke. Hasteko argi adierazi behar dugu, gizarte moderno batean, besteak beste, pertsonen eta animalien arteko harreman duinak ezinbesteko baldintza beharko lukeela, jakitun garen arren gure mundu honetan, izaki bizidunen artean pertsonak duen nagusitasunak maizegi zapaltzen dituela animalien eskubideak. Halere, honek ezin du inondik inora Zestoan zezenketak mantentzeko aitzakia izan.

Ezker abertzalea beti egon izan da Zestoan zezenketak kentzearen alde. Dena dela, udalean erantzukizunak izan ditugunean gai honi behar bezala heltzeko gai ez garela izan aitortu behar dugu, dela gure artean ere aldekoak badirelako, dela ausardia edo gehiengo ezagatik, kasik ohartu ere egin gabe herriko jaiak iristean inertziaz beste aldera begiratzea errazagoa gertatu izan zaigu.

Gure ustez, nahiz animalien eskubideen aitortza galdeketaren menpe uzteak kontraesan etikorik izan dezakeen, irtenbiderik egokiena herri galdeketa antolatzearena zen, eta horrela azaldu genuen Bilduren eskutik azken Udal Hauteskundeetarako programan. Gerora galdeketa egitasmo zehatz bat Udalari aurkeztu eta hau aho batez onartua izan da.

Galdeketa eguna hurbiltzen ari den heinean, taurinoen jarrerak benetan harritu gaituela ere adierazi nahiko genuke, batetik, herritarrei galdetzea inposaketa dela publikoki esatea herritarrei eginiko burla izateaz gain, adimenaren aurkako gehiegikeria delakoan gaude. Eta, bestetik, Zestoako jaien xarma eta izaera zezenketetara mugatzeak herritarren antolaketarako gaitasuna gutxiesten du. Zezenketetatik harago bada mundurik, bada beste jai eredu herrikoi eta parte hartzaileagorik, ondorioz, Zestoako Ezker Abertzalea Udalari zekorketak ez antolatzearen aldeko eskaria egitearen aldekoa da.

Bukatzeko, argumentuen sendotasun ezaren urduritasunagatik edo, zenbaitek Udalean Bilduk dituen ordezkarien aurka jo du. Egoera horren aurrean,  Zestoako Ezker Abertzaleak bere babes osoa azaldu nahi die Bilduk Udalean dituen hautetsiei, burututako lan eta borondate onean sinesten dugulako.

Mikel Arregi, Amagoia Andres eta Aimar Etxeberria (Zestoako ezker abertzalearen izenean). Zestoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide