Orioko presoei laguntzeko Elkartasun Eguna antolatu du Herrirak biharko

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 1a

Orioko Herrira mugimenduak Elkartasun Eguna antolatu du bigarren urtez, eta euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatuko dituzte biharkoan. Aldarrikapenak festarekin nahi dituzte uztartu antolatzaileek, eta herritarrek horien eskubideen «kontzientzia» bereganatzea dute helburu. Era berean, Orioko hiru preso politikoentzako dirua lortu nahi du Herrirak. Egun, espetxean daude Gregorio Escudero, Itxaso Legorburu eta Patxi Uranga oriotarrak, eta ekonomikoki hainbat behar dutela gogoratu dute antolatzaileek. Hala, laguntzeko ekimen aproposa dela uste du taldeak. «Diruz laguntzea hanka egiten utzi ezin den lana da, eta hori festarekin egitea errazagoa izan ohi da». Aurreko urtean egin zituzten ekitaldiek izan zuten «harrera ona» ikusita erabaki dute antzeko egitaraua osatzea. Goizean, Kukuarri mendira igoko dira plazatik, eta han elkartasun argazkia aterako dute. Menditik itzultzean hamaiketakoa egingo dute, plazan, eta ondoren bazkaria. Antolatzaileek adierazi dute iaz 100 lagun inguru elkartu zirela, eta aurten ere halako erantzuna izatea  espero dute. Iaz bezala, zikiro jana egingo dute, baina horrez gain, txanpinoiak, entsalada, postrea, kafea, kopa eta sagardoa izango dute mahai gainean, 20 euroren truke. Txartelak erosteko epea asteazkenean amaitu bazen ere, antolatzaileek esan dute oraindik badirela txartelak salgai; Kolon Txiki eta Sarasua tabernetan erosi daitezke. Bazkalondoren, Xabier Sukia eta Egoitz Eizagirre izango dira bertsotan. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo dute kaleetan barrena, plazatik hasita. Gauerako kontzertuak prestatu dituzte, gaztetxearekin elkarlanean; The Friday´s Crew, Ihes Naiz, Despervicio eta Akain arituko dira taula gainean. Bilerak, astelehenetan Antolatzaileek herritarrak gonbidatu ditu Elkartasun Eguneko ekintzetan parte hartzera, baita taldeak astero egiten dituen bileretara ere; astelehenero elkartzen dira, 21:30ean, Galtzarri Kultur Elkartean. Herrira lokal berri bat izateko lanean ari da, eta horretarako udalarekin daude harremanetan kideak. Halaber, taldearen ekintzetara herritar gehiago erakartzeko asmoz, hileko azken ostiraletan mota askotako ekimenak egin dituzte; hala nola, maiatzean Elkartasun Kantaldia egin zuten. Udan, berriz, herriko hondartzan mobilizazioak egiteko asmoa duela jakinarazi du Herrirak. Egitaraua Ekainak 2, bihar -09:00. Kukuarri mendira, plazatik. -10:00-10:30. Elkartasun argazkia, Kukuarrin. -12:00. Hamaiketakoa, plazan. -14:30. Bazkaria. -Ondoren. Bertsolariak. -18:00. Manifestazioa, plazatik. -22:30. Kontzertuak, gaztetxean: The Friday´s Crew, Ihes Naiz, Despervicio eta Akain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide