‘KKLRD’ bilduma aurkeztuko dute larunbatean, Putzuzulon

Aritz Mutiozabal 2012ko maiatzaren 31

KKLRD split-bilduma berezia aurkeztuko dute larunbatean, 21:00­eta­tik aurrera, Putzuzulo gaztetxean. Zinc, Mostros, Estricalla eta Humilitate taldeen kanta bana jaso dute, eta Joseba Larretxe Josevisky artistaren komikiz eta diseinuz hornituta dago. Humilitate boskote zarauztarraren ekimenez abiarazi zuten proiektua: «Musika talde guztiak elkar ezagutzen ginen, baina, beharbada, Humilitate zen guztiekin lotura zuzena zuena. Ondorioz, elkarlan bat egitea polita izan zitekeela bururatu zitzaigun; hau da, bakoitzak abesti bat jasota, lagunarteko bilduma bat osatzea». Musika taldeak lotuta, beste bi partaide gehitu zitzaien. Alde batetik, Bonberenea Ekintzak, kultur eragile modura, eta, bestetik, Josevisky bera, bildumaren diseinuaz arduratuz. «Bide batez, gainera, KKLRD izenburuko bere komikia sartzea pentsatu genuen», adierazi du Humilitateko kide Hodei Estebanek. Ondorioz, bildumak bere egin du komikiaren izenburua. Nahiz eta euskaraz kakalardo esan nahi duen, bokalak janda, sigla hutsean geratu da. «Horrela, ez du hizkuntza jakin bat ordezkatzen, eta hori asko gustatzen zitzagun, Asturiaseko, Madrilgo eta Mallorkako musikariak ere hartu baitute parte hemen», dio Estebanek. Argitaratu gabeko abestiak Talde bakoitzak orain arte argitaratu gabeko abesti bana grabatu du: Zinc taldeak, La Fiebre; Estricalla-k, Despertad y enloqueced; Mostros-ek, Storm Weaver; eta Humilitate-k, Libia Champions League. «Aurretik kaleratuta ditugun lanetako abestiren bat berreskuratuta bilduma eskas samar geratuko zela iruditzen zitzaigun. Erakargarria izan zedin, bakoitzak abesti [...]

KKLRD split-bilduma berezia aurkeztuko dute larunbatean, 21:00­eta­tik aurrera, Putzuzulo gaztetxean. Zinc, Mostros, Estricalla eta Humilitate taldeen kanta bana jaso dute, eta Joseba Larretxe Josevisky artistaren komikiz eta diseinuz hornituta dago. Humilitate boskote zarauztarraren ekimenez abiarazi zuten proiektua: «Musika talde guztiak elkar ezagutzen ginen, baina, beharbada, Humilitate zen guztiekin lotura zuzena zuena. Ondorioz, elkarlan bat egitea polita izan zitekeela bururatu zitzaigun; hau da, bakoitzak abesti bat jasota, lagunarteko bilduma bat osatzea».


Musika taldeak lotuta, beste bi partaide gehitu zitzaien. Alde batetik, Bonberenea Ekintzak, kultur eragile modura, eta, bestetik, Josevisky bera, bildumaren diseinuaz arduratuz. «Bide batez, gainera, KKLRD izenburuko bere komikia sartzea pentsatu genuen», adierazi du Humilitateko kide Hodei Estebanek. Ondorioz, bildumak bere egin du komikiaren izenburua. Nahiz eta euskaraz kakalardo esan nahi duen, bokalak janda, sigla hutsean geratu da. «Horrela, ez du hizkuntza jakin bat ordezkatzen, eta hori asko gustatzen zitzagun, Asturiaseko, Madrilgo eta Mallorkako musikariak ere hartu baitute parte hemen», dio Estebanek.
Argitaratu gabeko abestiak
Talde bakoitzak orain arte argitaratu gabeko abesti bana grabatu du: Zinc taldeak, La Fiebre; Estricalla-k, Despertad y enloqueced; Mostros-ek, Storm Weaver; eta Humilitate-k, Libia Champions League. «Aurretik kaleratuta ditugun lanetako abestiren bat berreskuratuta bilduma eskas samar geratuko zela iruditzen zitzaigun. Erakargarria izan zedin, bakoitzak abesti berri bat grabatzea erabaki genuen», nabarmendu du Humilitateko kideak.
Gudak futbol partidak bailitzan ematen dituztela telebistako albistegietan salatu du talde zarauztarrak bere abestian: «Ikuskizun bezala saltzen digute eta poztasunez ikusten dugu. Hildakoen kopuruek ez dute inolako berotasunik etxetik, eta ez gara jabetzen zenbaki horren atzean zenbat bizitza, tristura eta gauza dauden».

Bildumak zazpi hatzbeteko biniloa, CDa eta komikia dakar, eta zazpi eurotan eskuratu daiteke. Diskoa aurkezteko jaialdi bikoitza antolatu dute, gainera. Bihar, Basauriko Txarraska gaztetxean izango dira, baina Humilitate eta Zinc bakarrik joko dute. Etzi, berriz, Zarauzko Putzuzulon, eta proiektuko lau taldeak ariko dira zuzenean, baita Madrilgo Rogeus Intent taldea ere. Zinc taldekoek utzita dute, eta egun Las Vechias taldean ari dira buru-belarri, baina egoerarako elkartu egin dira eta jaialdi hauetan baino ez dute joko. Alde horretatik, «ohore bat» izango da. Josevisky bera ere aurkezpenean izango da.

Poison Idea-rekin batera
Uztailean Poison Idea hardcore talde beteranoa biran etorriko da penintsulara, eta Humilitatek artista gonbidatu gisa joko du Trintxerpeko Mogambo eta Bartzelonako Estraperlo aretotako kontzertuetan. «Ilusioa handia egiten digu. Hasieratik talde erreferentea izan da guretzat. Gaztetxeko Bertsio Gau batean sortu genuen Humilitate, eta bertan, besteak beste, haien abesti bat jo genuen. Harrezkero, iaz arte, bertsio hura jotzen jarraitu dugu zuzenean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide