Jan Sano Eguna antolatu dute Aizarnazabalen etzirako. Baserritarren «salmenta zuzena sustatzeko» helburuarekin antolatu dute ekimena, aurrenengo aldiz, Mari Jose Arregi zinegotziak azaldu duenez. «Zuzenean erostea» bultzatu nahi dutela azaldu du.
10:00etatik arratsaldera bitarterako hainbat ekimen prestatu dute. Lau gunetan banatuko dute herria. Batean Euskal Herriko zazpi lurraldetako baserritarrak izango direla aurreratu du Arregik. «Baserrian ekoiz daitekeen edozer egongo da: gazta, sagardoa, txakolina, izozkiak, artisautza produktuak…». Horrez gain, haurrei zuzendutako gune bat ere egongo dela aurreratu dute. «Haur askok ez du jakiten produktuak nondik datozen. Beraz, landatzen jarriko ditugu, eta ondoren, landare hortatik zer ateratzen den azaldu». Umeen aurpegiak margotuko dituzte, eta baseriko zenbait tresna ere erakutsiko die. Doakoa izango da, eta parte hartu nahi duenak aizarnazabalgoazoka2012@gmail.com helbidean eman behar du izena.
Hirugarren gunea herriko artisau txikien tokia izango da. Lau bat postu jarriko dituzte: «pitxiak, gantxiloak eta beste hainbat produktu». Eguna borobiltzeko, herri bazkaria izango da. Helduek hamabost euro ordaindu beharko dute, eta haurrek, berriz, zazpi. Izena eman nahi duenak aurreko helbidera mezua bidali behar du, baina etzi goizean 11:00ak bitartean txartela erosteko aukera ere izango da.
BioUrkizuren laguntza
Amaia Irazustaren proposamenetik sortu da proiektu hau, zinegotziak gogorarazi duenez. «BioUrkizukoa da bera, eta proiektua aurkeztu zidan niri, eta nik udaletxean».
