Erniarraitz Bertsozale Elkarteak gaur hasi eta urrira bitartean hitzaldi sorta antolatu du. Bertsogintzako ohiko baliabideak etxean nola landu da gaurko hitzaldia landuko duten gaia. Karlos Aizpurua ariko da hizlari, 19:00etan hasita, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean.
Bertsozale elkarteak hitzaldiak Bertso-Eskolen batzordearen eskaintza bati helduta antolatu ditu, «Bertso-eskolen batzordeak ikastaroak antolatzeko erraztasunak eman dizkie helduen bertso-eskolei. Hala, ikastaro sorta bat aukeratu dugu», diote Erniarraitzekoek.
Hitzaldiak, uztailean eta abuztuan izan ezik, urrira bitartean hilero antolatu dituzte; hilero bat izango da, denak 19:00etan hasita, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Erniarraitzekoen ustez, hitzaldiak edo ikastaroak herritar ororentzako izan daitezke, «besterik gabe interesgarriak direlako». Baina, elkarteko kideentzako, bat-batean ari diren bertsolarientzako edota irakaskuntzan ari direnentzako ere badira. «Bertso prestakuntzan sakontzeko bertsozaleentzat interesgarriak dira, eta irakaskuntzan ari direnentzat, berriz, bertsoa irakaskuntzan baliabide interesgarria dela sinetsita gaudelako», adierazi dute.
Bertsoaren sortze prozesuaz
Gaur Karlos Aizpuruak emango duen ikastaroan, bertsoaren sortze prozesu orokorra aztertuko dute, «bertsogintzari eragiten dioten alderdiak azpimarratuz». Horrez gain, bertsogintzan ohiko diren zenbait baliabide aztertuko dituzte. Bertsotan aritzeko zenbait ustez, ikuspegiz eta hausnarketa partekatuz emango diote gaurko saioari bukaera.
Ekainaren 28an izango da bigarren hitzaldia. Orduan, Arkaitz Goikoetxeak gidatuta, bertso-eskola ireki bat egingo dute. Han tokiko lau bertsolari ariko dira. Gaiak eman eta entzundako bertsoen inguruan iruzkinak egingo dituzte taldean. Parte hartzen dutenen iritzi-trukea bultzatuko da eta bertsolariek euren ekarpena egingo dute.
Uztailerako eta abuzturako ez du hitzaldirik antolatuko Erniarraitzek, baina irailean sortako hirugarren alea izango da. Irailaren 20an, Maialen Lujanbio ariko da
Gaiaren trataera, bertsolarien aldetik gai hartuta. Bertsolari batek gai bat nola tratatzen duen aztertuko dute orduko solasaldian, eta bat batean ari denak egiten duena aukeratu ote dezakeenaz ere jardungo dute.
Hitzaldi sortako laugarren eta azken saioa urriaren 18rako antolatu du bertsozale elkarteak. Orduan, Jon Maia etorriko da Azpeitira
Doinua eta kantaera hizketarako gai hartuta. Han zenbait doinu eta kantaera entzun eta komentatuko dituzte. Horrez gain, doinuaren funtzio komunikatiboa eta ez komunikatiboaren azterketa eta kantaeraren interpretazioa landuko dituzte.