Aldundiak gehienez Aiako kirol eremuaren kostuaren %50 finantzatuko du

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 31

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aiako Udalak hitzarmena sinatu dute. Aiako hilerri inguruan egitekoak diren kirol eta aisirako gunea eraikitzeko diruz lagunduko dio diputazioak udalari. Gipuzkoako Foru Aldundiak gehienez proiektuaren kostu osoaren %50 emango dio Aiako Udalari, eta gehienez 163.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du. Herenegun sinatu zuten akordioa Aiako alkate Igor Ituainek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu Ikerne Badiolak, baina aurreko agintaldian adostu zituzten laguntzak. Azpiegitura «herritar orok» erabili dezaten betebehar batzuk zehaztu dituzte bi aldeek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, 2008. urtean Diputatuen Kontseiluak onartutako kirol ekipamenduen planaren baitan egin dute hitzarmena. «Gipuzkoako biztanleei kirola egiteko beharrari erantzuteko kirol azpiegituraz hornitzeko konpromisoa hartu genuen», adierazi du Foru Aldundiak. Herritarrek kirola egiteko aukera gehiago izan dezaten egingo dute azpiegitura berria. Kilometro bat inguruko ibilbidea egingo dute horretarako; hilerriaren eremuaren buelta emango dio bideak. «Hilerri inguruko eremua halako gune bat egin daitekeen leku bakarrenetakoa dela uste dugu». Iturainek adierazi du korrika eta paseoak egiteko «leku aproposa» izango dela ibilbidea, eta herriko adinekoei ere zuzendu nahi diete egitasmoa. Izan ere, ahalik eta ibilbide lauena nahi dute sortu. «Alde batean itsasoa dago, eta bestean mendia, eta inguru ezinhobea da funtzio horiek egiteko». Horrez gain, ibilbidea hilerri ondoko zelaian kokatzeko arrazoietako bat Altxerriko leizearen erreplika ondoan eraikitzea izan da, Iturainek adierazi duenez. Erreplika hilerriaren eremuan egingo dute, eta bi egitasmoak aprobetxatu nahi dituzte. Alkateak adierazi du egitasmoak 300.000 euro inguruko aurrekontua izango duela, baina gastuak zehaztu gabe daudenez, Iturainek ez daki Aldunditik zein kopuru jasoko duten zehazki. Hurrengo urtean erabilgarri Kirol heremua egiteko Aiako Udalak plan berezia osatu du lehenengo, eta eremua ez urbanizagarri bezala kalifikatuko dute. Une hauetan plana osatzen ari direla jakinarazi du, eta obrak 2012 urte amaieran hasiko dituzte. Orduan jarriko dute abian lehiaketa, eta exekuzio plana, besteak beste, eta hurrengo urteko udarako egitasmoa martxan izatea aurreikusten dute. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzaren truke, Aiako Udalak lanak gehienez sei hilabetean egin beharko dituela adostu dute bi aldeek. Behin ibilbidea zabalik dagoenean, hamar urtez mantenu beharko du Aiako Udalak. Horrez gain, lanak egin ahala sor daitezken gorabeherak konpontzen lagutzeko obren jarraipena egingo duen batzordea osatuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, udalak ziurtagiriak aurkeztutakoan emango dio diru-laguntzaren %80, eta gainontzeko dirua udalak obra amaitu dela ziurtatzen duen likidazioa aurkezten duenean jasoko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide